Ariane Kamio Kazetaria
Metro koadro erdi batean
Nagoen tokitik mugituko banindute, beste norabait eramango, izango nuke zertaz gogoratu. Eta gogoratzearekin batera, malkoak isurtzeko mila arrazoi, tanta bakoitzeko oroitzapen bat, desio bat, amets bat. Bizi gabeko denboraren aurka madarikazio artean.
Amarengatik tanta bat. Sukaldean, neguko hotzari leihoaren beste aldetik begira, mahai buruan eserita, plater hutsaren aurrean. Olio zipriztinez zikindutako amantalaren ertza hatz artean hartuta, korapiloa egin eta desegin, malko zenbait isurtzen utzi dizkien begi hezeek ikusmena ezabatzen dioten artean.
Alabarengatik beste tanta. Ahoan atera zaion hortz, hagin eta letagin bakoitzagatik bat. Denbora honetan hazitako zentimetro bakoitzagatik beste hainbeste. Beste bat esandako lehen hitzagatik, oinez ibiltzen ikasteagatik, komunean txiza egin duen estreinako aldiagatik, ikastolako egunengatik, orain arte galdua izango nuenagatik.
Etxekoengatik, etxekoak adina tanta. Ospakizun otorduetan aulkia hutsik mantentzeagatik, Olentzeroren opariak gordetzeagatik eta alabari nire existentziaz hitz egiteagatik, ahanzturatik ihes egin dezan.
Lagunengatik, malko bana. Hizketaldi luzeengatik, eztabaidengatik, goizaldera arteko parranda amaigabeengatik, une gogorragoengatik, elkartasunagatik, laguntzagatik, adiskidetasunagatik.
Nagoen tokitik mugituko banindute, beste norabait eramango, nekez jasango litzateke halako bizimodurik. Bizimodu deitzerik bada herritik urrun gogoz kontra bizitzeari.
Milaka bizitza banatzen dira metro koadro bakarrean, kristal batek erdibitutako bi metro koadro erditan. Kristalaren alde banatan hatz markak, ezpain bustietako listua, hatsaren aztarna ikusezinak. Aztarnak besterik ez kristalaren alde banatan. Material iragazgaitzak duena da hori, irrist egiteko gaitasuna. Laprast eta laprast, asteroko milaka kilometroen artean. 1, 2, 3, 12, 25, 50, 84, 167, 545, 874, 1.085 ... [@arianekamio]