GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Atrizio gerra Washingtonen

Hagel Defentsa idazkari bihurtzea ez da Israelentzat galera taktiko edo kuantitatiboa soilik, porrot estrategiko ikusgarria baizik. Obama Etxe Zurira iritsi izana bezainbestekoa edo handiagoa

Ez dago Obamaren azken apustuak ulertzeko beste modurik: atrizio edo higatze gerra batera eraman nahi ditu errepublikanoak. Non berak eta demokratek galerak, latzak beharbada, pairatu beharko baitituzte, baina aurkariek gehiago galduko baitute... Obamaren kalkuluak zuzenak badira. Sufrikarioak sufrikario, atrizio gerra guztien betiko gakoa horixe baita: kalkuluen zuzentasuna. Zuzenak ez badira, galeren banaketa oso bestelakoa izaten delako.

Hillary Clintonen ordez Susan Rice ipintzeko apustua galdu ondoren (beste batzuek usteko dute, hala ere, azkenean zertu duen B plana, Kerry senataria Estatu idazkari egitea, zela hasieratik Obamaren benetako asmoa), amildegi fiskalaren nahasmen ikaragarria hala moduzko hitzarmen batekin martxora arte atzeratu ondoren... beste putzu batean sartu da -itxuraz- Etxe Zuriko apopiloa, bere bigarren agintaldi honetan CIAz eta Pentagonoaz arduratzeko proposatu dituen biekin. Berriro borroka egitera behartzen dituelako errepublikanoak (eta zenbait demokrata).

John Brennan CIAren zuzendari egin nahi izateak -Rice Estatu idazkari bihurtu nahi izanak bezala- badu bere zentzua: aurreko agintaldian hurbileneko aholkulari ezkutuak izan dituenak orain kanpo politika argiro kudeatzen ipintzea, funtsean; baita bere eragozpenak ere, ordea: Brennan ez da inoiz izan belatzen gustukoa.

Baina Chuck Hagel Defentsa idazkari egin nahi izateak probokazioaren tankera guztia du. Nekez aurki daitekeelako inor -AEBetako establishmentaren barruan, beti ere- Pentagonoaren ingurumarietan ibili ohi direnentzat hura baino ezatseginagorik: Irak eta Afganistango gerren aurka agertu zen ia hasieratik; defentsarako aurrekontuak murriztea eskatu zuen, orain adinako estutasun ekonomikorik ez zenean; Israel, aliatu bat besterik ez dela AEBentzat aldarrikatu du behin eta berriz; Iranekiko gatazka dinamikari ez diola etorkizunik ikusten esana du...

Hagel outsider liberal bat besterik ez litzateke izango... Vietnameko beterano medailaduna eta betidaniko errepublikanoa ez balitz, Nebraskako senataria dozena bat urtez. Ez da bereziki bihurria izan behar, beraz, Obamaren bihurrikeria susmatzeko: beren egurreko ezpala sartu nahi die errepublikanoei. Ezpal ona, alafede: behingoz Vietnamgo beterano bat («abstrakzioa ez beste zerbait dela gerra badakien bat», Obamaren hitzetan), eta «beraiek bezalako» errepublikano bat, Pentagonoaren burutzaraino iristea eragozteko ahaleginak egitera behartzen ditu. Bestela, lehendakariak bere apusturik lotsagabeena irabaziko dielako.

Komeria honen gakoa da desgaste gerra horretan errepublikanoak ez direla bakarrik egongo. Demokrata batzuen onespena -eta, agian, konplizitatea- aurki dezakete. Hortik etor litezke atrizio estrategia honetan Obamak nozi ditzakeen galera nagusiak: Hagel Defentsa idazkari bihurtzea ez da Israelentzat galera taktiko edo kuantitatiboa soilik, porrot estrategiko ikusgarria baizik. Obama Etxe Zurira iritsi izana bezainbestekoa edo handiagoa.

Dituzten guztiak jokoan ipintzeko unea da. Ea nor den galtzaileago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo