GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Azkuna, munduko alkaterik onena... itxuraz

Lionel Messi futbolariak laugarren aldiz Urrezko Baloia jaso zuen egun berean, City Mayors Fundazioak Iñaki Azkuna izendatu zuen 2012. urteko munduko alkaterik onena. Lagun gutxik esango dute Messiren saria ez dela merezia, are gutxiago Barçaren jarraitzaileen artean. Futbolzaleek, eta futbola gustuko ez duten askok ere, futbolari argentinarra maiz ikusteko aukera izaten dute, eta zelaian erakutsitako dohainak aski dira munduko futbolaririk onena izendatzeko. Alkaterik onenaren kasuan ere badirudi horrelako izendapena emateko irizpidea Bilboren itxurazko bilakaera izan dela. Baina gehiegitxo ematen du soilik kanpotik ikusten denagatik alkaterik onena dela esatea. Lagun askok, tartean bilbotar askok, ez bide dute halakotzat jotzen; esate baterako, Bilboko alkateak militar espainiarren omenaldietan parte hartzea gustuko ez dutenek, Kukutza eta beste kulturgune autogestionatu batzuk ezabatzea gustuko ez dutenek, herri mugimenduaren lana hark zapuztuta ikusi dutenek, merkatari txiki askok, etorkinek... Badirudi, beraz, Azkunak esan ez bezala, saria ez dela bilbotar guztientzat eta askok bilbotar guztientzako alkatea nahiago luketela. Horiek munduko alkaterik onenaren koroa Azkunaren buruan ikusita, Ligeix zuberotarraren bertsook adierazten dutena pentsatzen bide dute: «Txapel horrek eztereik edertzen kaskua/ basta ederragatik/ asto dük astua».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo