«Debatea» saio berria izango da ostegunero ETB-1en, Klaudio Landak aurkeztuta
«Debatea» programa berriak gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu. Biharko saioan Urkulluren gobernuak dituen erronkei aurre egiteko gai izango ote den eztabaidatuko dute. Ikusleek ere hartuko dute parte.
Koldo LANDALUZE | DONOSTIA
Saio berri honek jorratuko dituen gaiak gaurkotasunari lotuak izango dira, tartean politikak, ekonomiak eta gizarteak izango dute tokia. Gai bakoitzak galdera nagusi bat izango du abiapuntu, eta hortik abiatuta, gaiaren inguruko alderdi guztiak aztertuko dituzte. Galderari erantzuna emateko ardura hartuko dute bai solaskide finkoek bai gai ezberdinen inguruko adituek nahiz testigantza zuzena emango dutenek.
Halaber, ikusleak ere izango dira «Debatea»-ren platoan bertan, eta iritzia emateko aukera eskainiko diete.
Gaiaren inguruan sor daitezkeen beste hainbat galdera plazaratuko ditu aurkezleak, gonbidatuek euren iritzia eman dezaten, era horretan gaiari buruzko ikuspegi zabala ematearren.
Saio bakoitza abian ipiniko duen bideoak aukeratutako gaiaren gaineko iritziak eta informazioak bilduko ditu, baita bertara gerturatzerik izango ez dutenen testigantzak, istorioak eta kale inkestak ere.
Asmoa eztabaida bizia sortzea da, bai platoan, baita tarteka sartuko dituzten zuzeneko konexioekin ere. Telefono deiak ere izango dira: parte hartzea bultzatu nahian, herritarrek iritzia eman ahal izango dute zuzen-zuzenean.
Hasierako gonbidatuak
Lehen programako solaskideak Aintzane Ezenarro legebiltzarkide ohia, Lander Garro idazlea, Santi Reyes PPko zinegotzia; Josune Barrena historialaria eta Josu Mendikute kazetaria izango dira. Horiekin batera, Gorka Moreno soziologoa eta enpresa munduko ordezkariren bat ere «Debate»ko platoan izango dira. Azkenik, Joseba Villarreal ELA sindikatuko Hitzarmen Kolektiboko arduraduna elkarrizketatuko du Klaudio Landak.