GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kurduen drama eta Ankararen lotsagabekeria

Parisen hildako emakume kurduak hiru biktima gehiago dira baina, aurreko guztiak baino larriagoak ez badira ere, momentu berezi batean gertatu dira, Turkiako Gobernuaren eta Abdulah Ocalan PPKko liderraren arteko negoziazioak hasi berriak direnean, hain zuzen. Ez da irudimen handirik behar hilketa horien atzean Turkiaren esku beltza egon litekeela pentsatzeko, are gutxiago testuinguru horretan. Lotsagabekeriaren mukuru, atentatua PPKren barneko kontu-garbitzea izan dela esan zuen atzo Ankarako Gobernuak, kurduen aurkako errepresio basatiaren erantzuleak, kurduei izana eta izena ukatzen dizkien berberak. Aurrekari horiek direla-eta, hobe luke bere parte-hartzearen gaineko susmoak uxatu. Ez da kontu berria hainbat estatu beren zapalketaren aurka matxinatzen direnak militarki ez ezik, amarruz ere menderatzen saiatzea; esaterako, biktimak gerra zikinak eragindakoaren erantzule gisa agerraraztea. Estatu frantsesak azken bururainoko ikerketa egin behar du hilketa horiek argitzeko, zalantzarik ñimiñoenerako tarterik utzi gabe. Eta nazioarteko komunitateko herrialdeek ere, interes propioak alde bat utzita, orain arte egin ez duten zeregina hasi beharko lukete: hiru hilketa horiek eta oro har herri zehatu haren aurkako zapalketa salatu eta Ankara jukutriarik gabeko negoziazioetara premiatzea. Asko eskatzea eman lezake, baina horixe da bidezko jokaera bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo