MUNDUKO PILOTA BATZARRAK ANTOLATUTA
Ipar eta Hego Euskal Herriko pilotariak nor baino nor arituko dira bihar Derion
GARA | BILBO
Munduko Pilota Batzarrak antolatuta, jaialdi ederra izango da bihar Derioko udal pilotalekuan. Ekimen gehiagorekin batera, Ipar eta Hego Euskal Herriko pilotarien arteko desafioak ikusi ahal izango dituzte bertaratzen direnek: lehian baina giro onean; lagun artean, baina bakoitzak barruan daraman guztia emanez.
Goizeko egitaraua 10.30ean hasiko da lau pilota partidarekin: hiru eskuz binaka eta beste bat gomazko paletaz. Lehenik eta behin, Irribarria-Ibarrondo eta Mendi anaiak neurtuko dira gazte mailan. Ondoren, 22 urtez azpikoen txanda izango da: Dorronsoro-Legarreta Bernard-Idiarten aurka. Azkenik, senior mailan, Beitia eta Lopez Mendi eta Agerreren kontra neurtuko dira. Hegoaldeko bikoteak dira faborito, baina Iparraldekoek ez dizkiete gauzak erraz ipiniko.
Laugarren partidan emakumezkoak arituko dira paletaz. Horretan, Itsaso Pradera eta Laura Saez, jokatutako hiru urteetan Euskal Herriko Irekiaren irabazle izan direnak, Etcheleku eta Housseten aurka neurtuko dira. Azken hauek Munduko Txapelketan behin baino gehiagotan hartu dute parte Frantziako selekzioarekin eta, beraz, ikuskizuna ziurtatuta dago.
Erakusketa eta joko berri partida
Goiz osoan, pilota partiduez gain, beste hainbat ekimen izango dira martxan. Frontoi txikian euskal pilotari buruzko erakusketa ikusteko aukera izango da eta nahi dutenek hainbat tailerretan ere parte hartu ahal izango dute, pilotak nola egiten diren ikastekoa, adibidez, edota takoak eskuan nola jartzen diren erakutsiko duena.
Arratsaldeko saioa, 16.00etatik aurrera, haurrei zuzendutako joko eta ariketekin hasiko da. Modu horretan, txikienek frontball edota one wall bezalako nazioarteko joko erak ezagutzeko aukera izango dute. Ikusteaz gain, jokatzerik ere izango dute eta sariren bat edo beste ere izango da jokoan parte hartzaileen artean.
Egunari amaiera emateko, joko berri partida izango da, ezker pareta eta trinketa batzen dituen jokatzeko ere. Hegoaldeko taldea ordezkatuz Mikel Goñi eta Ander Antxia arituko dira; Iparraldeko taldea, berriz, Olivier Larretxeak eta Paxkal Ezkurrak osatuko dute. Aukera paregabea izango da goi mailako pilotariak oso ezaguna ez den modalitatean jokatzen ikusteko.