GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hirugarren eta laugarren belaunaldiko pilulek dituzten arriskuak, eztabaidagai

Berriki emakume batek Bayer laborategiaren aurka salaketa jarri ondoren, hirugarren eta laugarren belaunaldiko pilulen gaineko polemika piztu da. Planning Familialek arriskuak 1995tik ezagunak direla dio.

A.B. | BAIONA

Pilulen erabilpenak emakumeen osasunean ukan ditzaketen ondorio latzen inguruko polemika piztu berri da Estatu frantseseko komunikabideetan. Abenduan emakume batek Bayer laborategi farmazeutikoa auzipetu zuen; laborategiak ekoiztutako pilulak burmuineko odolbildua eragin ziola leporatu zion. Geroztik hainbat kasu plazaratu dira.

Hain zuzen, pilularen inguruko polemika hori 3. eta 4. belaunaldiko pilulengatik piztu da. 1990. eta 2008. urteetan merkatuan zabaldu ziren pilula horiek. Mota bereko aurreko antisorgailuak bezala bi molekulaz osatuak dira: estrogenoak batetik, eta progestatiboak bestetik. Baina, azken pilula horietan egin den progestatibo molekula berrien nahasketak arriskuak areagotu ditu.

«Pilula horien azterketa zientifikoak egin ziren eta, 1995az geroztik kaltegarriak izaten ahal direla jakina zen. Joan den urrian gizarte segurantzak, pilula horiek ez zituela gehiago diruz lagunduko jakinarazi zuen gobernuak», argitu zuen Sandrine Heckmann Planning Familialeko koordinatzaileak.

Pilulen truke ordaindutakoa ez itzultzeaz gain, Estatu frantseseko Osasun Agintaritza Gorenak ez ditu 3. eta 4. belaunaldiko pilula horiek ezagutzen. Alta, kontrazepzio metodo gisa salmentan jarraitzen dute. Planning Familial egiturak ez dizkie jada emakumeei proposatzen, baina, ginekologo batzuek horiek ematen jarraitu dute. «Arriskua handitzen dutela badakigu eta, gainera garestiak dira. Ulertezina da oraindik ere ginekologo batzuek pilula horiek proposatzea. Ditugun datu zientifikoak aspaldikoak dira», salatu zuen Heckmannek.

Horrenbestez, piztu den polemika gutxietsi zuen, arriskurik gabeko egoerarik ez dagoela nabarmenduz: «Haurdun izaki ere arazo tronboenbolikoak gerta daitezke». «Pilula batzuek interesa badute, zergatik ez dituzte diruz laguntzen, eta, halaber, arriskutsuak badira, zergatik ez dituzte merkatutik kentzen. Gai horrekin argiak izan behar dute, bestenaz beldurra pizten da», gehitu zuen koordinatzaileak pilularen aurka sortu den eztabaida tamalduz.

Emakumeak informatu

Planning Familialek ezinbesteko ikusten du emakumeen artean pilula hartzearen inguruan sortu den beldurra apaltzea eta informazio argia zabaltzea. «Kontrazepzioak erraztasunak dakarzkigu. Emakumeei ahal bezain informazio zabala eman behar zaie eta, antikontzeptiboak hartzeko laguntza areagotu», azaldu zuen Heckmannek. Zabaltzen den informazioan Gobernuak ardura du, Planning Familialeko ordezkariaren iritziz.

Formakuntza

Planning Familialek 3. eta 4. belaunaldiko pilulen gainean sortu den polemikan sendagileek erantzukizuna badutela dio. Sendagaiak emateko ardura dutenez, formakuntza zehatza izan behar dutela uste du.

%50ek

Estatu frantsesean kontrazepzio pilula hartzen duten emakumeen %50ek 3. belaunaldikoa hartzen dute. Alemanian, Kanadan, Suitzan eta Belgikan auziak badira pilula horien kontra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo