Semperrek PPkoa eta aldi berean ETAren gaizkidea izatea ezinezkoa dela esan du
Borja Semperrek Bildu ez dela ETA esateagatik azken asteetan jaso dituen kritikei erantzun zien atzo. Gipuzkoako PPko presidentearen ustez, koalizio abertzalearekin politika egin behar dela esateagatik traidore bat dela esatea «bidegabekeria eta doilorkeria» da.
GARA |
Gipuzkoako PPko presidenteak, Borja Semperrek, eskuineko alderdiko kide izatea eta, aldi berean, ETAren gaizkidea izatea «metafisikoki ezinezkoa» dela adierazi zuen atzo. Beraren ustez, Bildurekin politika egin behar dela esateagatik traidore bat dela esatea, Espainiako politikari batzuek dioten bezala, «bidegabekeria eta doilorkeria» da.
«El Mundo» egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean, «JotDown» aldizkarian egin zituen adierazpenengatik jaso dituen kritiken kontra mintzatzen da Semper. Aipatutako aldizkarian, politikari gipuzkoarrak Bildu ez dela ETA eta EAEren etorkizuna koalizio abertzalearekin batera eraiki behar dela nabarmendu zuen. Espainiako eskuinak ez ditu ulertu Semperrek egindako adierazpenak eta gogor kritikatu dute horregatik azken asteetan.
Horiei erantzuteko, politikari gipuzkoarrak «Traidore deitzen didatenentzat» artikulua idatzi du Madrilgo egunkarian. Idatzian legebiltzarkideak defendatzen du bere alderdikideek ETAren kontra izan duten jarrera. «Horien konpromisoa ezin da zalantzan jarri», nabarmendu zuen.
Halaber, haren iritziz, Bildu ETA ote den galderari ezin zaio «erantzun zatar bat» eman. «Terrorismoren aurkako diskurtso argia daukaten alderdiek osatzen dute koalizio abertzalea», azaldu zuen Alternatiba, Aralar eta EAren historia gogora ekarriz. Hala eta guztiz ere, Bilduko indar politiko nagusia «atzo arte ETAko ekintzak justifikatzen zituztenak direla ere egia da», adierazi zuen.
«Badakit halako gauzak esatea ez dela atsegina, eta batzuetan min egiten dutela, hauxe baita gaur egun daukagun errealitate objektiboa. Gogoeta hori neure egiteak ez du esan nahi ETAko konplizea naizenik», esan zuen Semperrek.
«Gaizki-ulertua»
PPk Gasteizko Legebiltzarrean duen bozeramaile Arantza Quirogak azaldu zuenez, inork ez du zalantzan jartzen Borja Semperren ibilbide politikoa, eta, beraren iritziz, gertatutakoa «gaizki-ulertu» baten ondorioa da. «Askotan gaizki ulertzen dira Bildu zer den esateko erabiltzen diren azalpen pedagogikoak».
«Nire ustez, hori da Semperri gertatu zaiona. Bildu zer den azaldu nahi zuen, eta batzuek gaitzustean hartu dute», esan zuen Quirogak. Era berean, Legebiltzarreko presidente ohiak gaur egungo PP onartzen ez duten pertsonak badaudela azpimarratu zuen. «Nahastu nahi dute PPtik datorren guztia. [...] Batzuek sorgin-ehiza piztu nahi dute alderdian», amaitu zuen.
Borja Semperrek Rosa Diez eta haren alderdiaren jarrera gogor kritikatu zuen atzo. Gipuzkoako PPko presidenteak dioenez, UPyDk jarrera inkisitoriala dauka, eta ez ditu besteen iritziak onartzen.
Gasteizko Ganberako PPren bozeramaile Arantza Quirogak eskuineko alderdian barne eztabaidarik ez dagoela nabarmendu zuen atzo. «Ez dago ez barne ez kanpo eztabaidarik», esan zuen.