GARA > Idatzia > Mundua

Mali eta Al Azawad arteko mugan istiluak izan dira

Iturri militarren arabera, Maliko Armadaren eta talde islamisten arteko liskarrak izan ziren atzo Mopti eskualdean, Al Azawaden -tuaregen herrialde historikoa- eta Maliren arteko mugatik gertu. Estatu frantsesak nazioarteko segurtasun indarrak bidaltzeko eskatu zuen.

GARA |

Maliko Armadako ofizial baten arabera, soldaduen eta talde islamisten arteko liskarrak izan ziren atzo Mopti izeneko eskualdean -Maliko eki-erdialdean, Al Azawad lurralde historikoarekin muga egiten du Moptik-. «Islamisten kontra ari dira borrokan gure soldaduak. Tiroketa bortitzak izan dira», esan zuen. Atzerriko gobernuz kanpoko erakunde bateko kide batek zehaztu zuenez, erasoak Kona eta Bore artean dagoen Koko herrixkan izan ziren, Mopti hiriburutik 80 kilometrora, hain zuzen ere.

Iturri militarrek zenbait albiste-agentzietara eginiko adierazpenetan plazaratu zutenez, Malik airez eraso zituen. Talde islamistetako 25 kide hil zituzten eta bost soldadu zauritu ziren. Armadak, berriz, ez zuen informazio hori baieztatu.

Halaber, ez dago argi nortzuek hasi dituzten liskarrak. Moptiko goi mailako funtzionario batek aipatu zuenez, «batzuen esanetan, Armadak hasi zituen erasoak, Douentzaraino iritsi nahi baitu. Beste batzuen hitzetan, aldiz, islamistek eraso zuten lehenengo». Islamisten kontrolpean da Douentza, Moptitik 145 kilometrora.

Ansar Dine taldearen bozeramaile Omar Uld Hamahak Kona kontrolpean zutela iragarri zuen. «Hegoalderantz goaz», plazaratu zuen. Abenduaren hasieran, Gobernuarekin adostu zuen su-etena bertan behera utzi zuen. Hainbat lekukok esan zutenez, Armadak liskarren zonaldetik alde egin zuen.

Iazko martxoan, independentziaren aldeko Azawaden Askapenerako Nazio Mugimenduak (MNLA) eta Ansar Dine Al Azawadek beren kontrolpean hartu zuten. Aldi berean, talde islamistek indarra hartu zuten, batez ere, hiriguneetan. MNLA taldeak tuaregen lurralde historikoa aldarrikatzen duen bitartean, Ansar Dinek Maliren parte izaten jarraitu nahi du, baina sharia lege islamikoa ezarri nahi du Mali osoan.

Estatu frantsesak Malira nazioarteko segurtasun-indarrak «berehala» bidaltzeko eskatu zuen atzo. Gobernuaren bozeramaile Philippe Lalliotek nabarmendu zuenez, Maliko Armadaren eta talde islamisten arteko liskarrek «argi erakusten dute nazioarteko indarren esku hartzearen beharra. Europako Batzordeak bilera egin beharko luke egoera aztertzeko. Guk oso gertutik jarraitu dugu Malin gertatzen ari dena azken hilabeteetan. Oso kezkatuta gaude. Beharrezkotzat jotzen dugu Maliren hegoaldean talde armatuen hazkundea geldiaraztea».

Yamina Benguigui ministroak ohartarazi zuenez, «talde terroristak dira eta, hortaz, Afrikako Batasunarekin bat egin behar dugu guztiok».

natoren ezezkoa

Afrikako Batasuna eta Europar Batasuna prestatzen ari diren operazio militarrean ez duela esku hartuko esan zuen NATOk. «Maliko iparraldean dagoen egoerak kezkatzen gaitu, baina ez dugu krisi horretan zerikusirik», adierazi zuen arduradun batek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo