GARA > Idatzia > Kultura

Piarres Larzabal, 25 urteren ondoren kulturan eta politikan eragiten segitzen duen idazlea

Piarres Larzabal antzerkigile, apaiz eta militante politiko ezaguna 1988an zendu zen gaurko egunez. Ipar Euskal Herrian hainbat eremutan bere presentziak nabaria izaten segitzen du gaur egun.

p043_f02_91x152.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Gaurko loreak izan daitezke, baratzezain ederrak izan zituelako», adierazi zuen Mikel Epalza Ziburuko apaizak bere etxeko aurreko maizterra izan zen Piarres Larzabali buruz. Idazle lapurtarrak «loreak» maila askotan utzi zituen: antzerkigintzan, politikan, euskaltzaletasunean eta herri bizikidetzan izan ziren nabarmenak.

«Biziki gizon sinplea, prestua eta herrikoia zen. Irribarretsua zen beti eta irri eragiteko indar handia zuen, bereziki bere antzerkietan», gehitu zuen Ziburuko apaizak. Bere izaera idatzi lanetan agertzen zen, aldi berean bere erranetan eskatzen zituenak ere bere lanetan argiki erakusten zituen: «Beti erraten zuen `segi eskuaraz mintzatzen, segi eskuaraz kantatzen, segi irribarre egiten eta segi historia kontatzen'».

«Loreak» anitz dira, oso autore emankorra izan baitzen, 120 antzezlan idatzi zituen. Bere antzerkigintzak «engaiatua» izendapena jaso izan du, euskararen erabilpenak Euskal Herriko historia ezagutarazteko balio izan zuelako.

Piarres Xarritonek bildu zituen hark egin zituen lan guztiak: «Liburuak idatzi nituen berak galde eginik, bere testamentuan utzi zuen nik idatzi behar nituela bere memoriak». Zazpi liburutan idazlearen obra guztiak bildu zituen. Bere lan aipagarrienak hauek dira: «Bordaxuri», «Herriko botzak», «Mugari tiro», «Ibañeta» eta «Matalas». Azken hau kritikari batzuek obra nagusi gisa izendatu dute.

Euskararen defentsa bere literaturan eta artikuluetan argia zen. Bere eguneroko bizitzan ere euskaltzaletasuna zabaltzen zuen: «Bultzatzen gintuen gure herria eta hizkuntza errespetatzera». 1963an euskaltzain oso izendatu zuten.

Piarres Larzabal Azkainen sortu zen 1915ean eta Ziburun hil zen 1988an. Euskal Herrian idazle gisa ezaguna egin bazen ere, politika eta bereziki abertzaletasunaren alde egin zuen lanarengatik gizartean oihartzun handia lortu zuen. «Kontrabandisten seme baitzen, berak familiaren erdia Ipar Euskal Herrian zuen eta beste erdia Hegoaldean; azkenean konturatu zen frantses eta espainolek gure historia lapurtu digutela eta guk badugula gure nortasuna», azaldu zuen Piarres Xarriton euskaltzainak.

«Bake bidea luzea da, gizartea aldatu egin da, baina duela 40 urte Larzabalek egin zuen lanak fruituak ematen segitzen du eremu guztietan», nabarmendu zuen Epalzak. Fruituen artean Anai Artea elkartearen sorrera aipagarria da. Telesforo Monzonekin batera sortu zuten erakunde honek gaur egun Euskal Herriko bakegintzan eragile aktibo izaten segitzen du.

«Adiskidetasun loturak sortu zituen; iheslariak etxean aterpetzen zituen eta horrek handitu zuen Euskal Herriarekiko zuen grina eta sufrimenduaren ezagutza», gaineratu zuen Ziburuko apaizak.

Politika eremuan idatzi zituen «liliez» ere mintzatu zen Epalza: «Garai horretan abertzale izatea `gorria' izatea zen eta hori aldatu zuen, «Herria» aldizkarian idatzi zituen artikuluetan abertzale, euskaldun eta fededun izatea `deretxo' bagenuela erran zuen».

Gaurkotasuna

Gaztetxoen artean Piarres Larzabal bereziki ezaguna da egun Seaskako Ziburuko kolegioak bere izena duelako, baina bere lanak oraindik zeresana ematen segitzen du. 2008an Ander Lipusek eta Antton Lukuk «Ibañeta» antzezlana berriz ere taula gainera eraman zuten.

Politika arloan egin lanak ere oihartzuna izaten segitzen du. Anai Artea elkarteak bere sortzaileei buruzko liburua argitaratu zuen 2011n, non azalean Larzabal agertzen den Telesforo Monzonekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo