Sagardoaren prozesua ezagutzeko aukera emango du Aburuza sagardotegiak
GARA |
Adunako Aburuza sagardotegiak bereziki Gipuzkoan hain sustraitua dagoen txotxaren tradizioaren atzean dagoen sagardogilearen lana eta bakoitzak gordetzen dituen sekretuak kontatuz eta ikusiz, bisitariari sagardotegi bat barru-barrutik gozatzeko aukera eskaini nahi dio.
Antolatu dituen bisita gidatuetan aburuzatarren lan egiteko moduari esker bisitariak sagardoaren prozesu osoa ezagutzeko aukera izango du, hasi sagastitik, sagastitik dolarera, dolaretik upeletara eta upeletatik botiletara.
Lehen aukera bisita gidatua eta dastatze komentatua egitea da -helduak 9 euro, 8 eta 14 urte artekoak 4 euro, eta gainerakoak doan-. Aduna eta Aburuza sagardoak dastatzeaz gain, Idiazabal gazta pintxo bana eskainiko zaie bertaratutakoei. Bigarren aukera bisita gidatua eta bazkaria edo afaria egitea izango da -33 eta 15 euro artean-.
Bisitak ordubetekoak dira eta ez da gutxieneko jende kopurua behar. Gainera, azalpenak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, eta beste hizkuntzetarako gutxienez hogei laguneko taldea sortu behar da.
Erreserbak egiteko 943 69 24 52 telefonora deitu behar da, edo aburuza@sidrasaburuza.net helbidera idatzi.
Aburuzakoez gain, gainerako upelak ere prest daude. Hernanin esaterako, txotx irekiera igandean egingo da, 12.30ean, Gudarien plazan. Astigarragako denboraldia, bestalde, La Oreja de Van Gogh musika taldeak irekiko du «gure sagardo berria» oihukatuta Petritegi sagardotegian, hilaren 16an, 13.45ean.