GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Isiltasuna sortzen duen aparailua

Ez du maite, baina azken denboran hura baino ez du sumatzen alboan. Ez da berarekin egotera ohitzen, baina horretara ohitu beste erremediorik ez duela badaki, onartua dauka. Lehen bilatu egiten zuen sarri eta orain bilatu gabe jarraitu eta aurkitzen du hark, temati.

Ameriketako Estatu Batuetan gailu berrien inguruan egiten ari den CES azoka handian bitxikeria ugari ezagutzen ari dira erabiltzaileak. Erabilgarriagoak diruditenak batzuk, zer pentsa ematen du han aurkeztutako beste tresneria mota batek. Tartean, isiltasuna sortzeko txip modukoa aurkeztu dute. Antza, inguruko soinuak ezeztatzea lortzen du, erabiltzailearen inguruan halako isiltasun burbuila bat sortuta.

Haren balizko erabiltzaileak etorri zaizkit segidan burura, gailu horietako bat erosi behar izateko inguruan izan beharko luketen zaratan, haren tamainan. Ezeztatu nahiko nituzkeen soinuak ere hasi zaizkit burura etortzen. Pixkanaka, alboan dagoenaren ahotsaren gainetik jarri nahian edo, jasanezin bilakatzen diren afalosteak etorri zaizkit lehendabizi burura, guztiak hitz egin baina inork entzuten ez duen elkarrizketa amaiezin horietan sartuko nintzatekeen ni isiltasun burbuilan.

Azoka berean aurkez daitezkeen gailu berriak ere sor litezkeela bururatu zait. Batek nahi ez duen soinua ezeztatu baino hura jaso eta gordetzen duen aparailua, esate baterako. Isiltasunak dagoeneko ia ito duen hark gustura entzungo lituzke eta, noizean behin behintzat, besteak ezeztatu nahiko lituzkeenak. Zaratara, soinu eta ahotsak entzutera ohitua dagoenarentzat bilatzen ez den isiltasuna da gogaikarri, izan ere. Hark gustura apurtuko luke isiltasuna hain goxotzat jotzen duen ahotsa berriz ere entzuteko, mahai bueltan eseri eta ia entzuterik ere ez duen elkarrizketaren zurrunbiloan sartzeko, baina hark ezin. Soinu eta zaratarekin egiten du amets, baina bere inguruan ez du halakorik sumatzen. Ez du maitatzen isiltasuna, baina hark jarraitu eta aurkitu egiten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo