Mikel Ibarguren Idazlea
Urterik urte
Arriskuak hartzeak aukerak zabaltzen ditu, edo nahi bada, aukerak beti dakar berarekin arriskua. Haatik, arriskuak ondo neurtuz eta aukerak baliatuz baino ezin da aurrera egin. Nola bestela?Ni ere «urte berri on» batekin has nintekeen idazten zutabe hau, baina ezin dut. Abendutik urtarrilera egin arren, munduak bere horretan segitzen duela ikusten dut, zaharrak berri direla; baina hori bai, amaitu dira ospakizunak, amaitu dira kale argiztatuak; dena eder, demaseko, dena zorion eta abegi oneko irudi telebisiboak. Amaitu dira mezu aurrefabrikatuak eta aitzakiek ere amaitu behar lukete; zernahi gisa, horra, urte hastapen honetan gizabanakoon larriak zein herriaren premiak bere gordinean. Hortaz, urte zahar zen hura ez zen erabat zaharra eta berria den hau ere ez da erabat berria. Iaz bezala hasi baitugu aurtengoa ere.
Alabaina, urteak joan, urteak etorri, esplikatzea erraza ez den halako silogismo baten sentsazioa eragiten dit bizi dugun egoera honek. Alde batetik, ukaezina da urrats garrantzitsuak egin direla eta gatazkaren norabidea bestelakoa dela; era berean, ordea, ez dela ezer aurreratzen sentitzen dut (espetxe politikan, batez ere); baina, badakit, nahiz eta horrela izan, ezer ez dela berdin izango aurrerantzean. Jada ez dela ezer berdin. Politikoki behintzat. Gernikako Akordioa, Aieteko Konferentzia eta Baionako Foroa dituelako mugarri prozesu honek. Gehi Bilbo. Hau da, herri aktibo bat konponbidearen alde. Herri oso bat subjektu politiko bihurtua eta irtenbidera egin nahirik. Herri bat hiri oso bat txiki egiten duena. Duda gabe, Bilbo da herri honek eraiki duen beste mugarri ezinbestekoa. Ez da gutxi, nahiz eta, bistan denez, nahikoa ere ez den.
Bilbon garbi ikusi da herria non dagoen eta, hori baino gehiago, badaki zer nahi duen eta nora egin nahi duen, baldin eta prozesuan sakondu nahi bada. Urkulluk esan zuenaren kontrara, herria «adin nagusikoa» da eta bere neurriko agintari, instituzio eta lehendakariak eskatzen ditu, bere araberako konpromisoak ditu galdatzen.
Batzuek basoa erdi betea ikusiko dute, bestetzuek, aldiz, erdi hustua. Nik neuk ere, galdera zaharrak eta berriak ditut pilatuak. Baina edalontziaren metaforaren gainetik, apurka bada ere, herri-harresia, bere bertute eta gabeziekin, osatuz doala ematen du. Alde bakarreko blokeoa eraisteko «denak ala inor ez, bakarka ezin da»-ren garaia da, gaur egun prozesuan sakontzeak preso eta iheslarien egoerari konponbidea ematea esan nahi baitu. Hor datza prozesuaren gakoa, eta estatuek badakite. Baina on da herriak ere badakiela jakitea.
Bideak ez dira inoiz zuzen eta zabalak izan. Eta beldurrek, zalantzek, akatsek nahiz aukerek errima bera dute. Eta arriskuak hartzeak aukerak zabaltzen ditu, edo nahi bada, aukerak beti dakar berarekin arriskua. Haatik, arriskuak ondo neurtuz eta aukerak baliatuz baino ezin da aurrera egin. Nola bestela?
Duela gutxi, denbora ez dela zenbaki bat esan zuen Itziar Martinez preso ohiak. Bizitza oso bat dela. Baiki, denbora ez dago denbora-pasarako, aitzitik, denbora gehiago galdu gabe ekiteko garaia da. Denbora bizitza oso bat baita, onerako eta txarrerako. Haien askatasun nahiarentzat nahiz gure askatasun ezarentzat. Denak ala inor ez. Bakarka ezin delako.
Agian berandu gabiltza. Ez dadila, ordea, beranduegi izan.
Denborak esango.