FARCekin jada eztabaida «zehatzak» hasi dituztela adierazi du Gobernuak
FARCek eta Kolonbiako Gobernuak atzo hasi zituzten lurraren gatazkaren gaineko elkarrizketak Gabonetako etenaldiaren ostean. Jada, «sakonekoak eta zehatzak diren gaiak» eztabaidatzen ari direla esan zuen Gobernuaren ordezkaritzaren buruak, Humberto de la Callek.
GARA | HABANA
FARC gerrillaren eta Gobernu kolonbiarraren ordezkaritzak atzo bildu ziren berriro Habanan, lurraren gatazkaren gaineko eztabaidan jarraitzeko. «Bake prozesuaren bigarren fasea hasi genuen ardura eta konpromiso berberarekin ekin diogu orain ziklo berri honi», adierazi zuen Bogotan Gobernuaren negoziatzaileen buruak, Humberto de la Callek. Aditzera eman zuenez, pasa den abuztuaren 26an gerrillarekin onartu zuten gai-zerrendako lehenengo puntuan aurreikusitako «gai zehatzak» eztabaidatzen ari dira jada.
Bi aldeek 522 erakunde edo mugimendu ordezkatzen zituzten. Abenduaren 17tik eta 19ra Bogotan izandako Foroan 1.314 herritarrek eginiko 546 proposamenak aztertu beharko dituzte.
Hala ere, De la Calleren ustetan, bide orri bakarra izan behar da abuztuan onartutako agenda. «Gure bide orria Habanan adostu genuena izan da, eta halaxe izaten jarraituko du. Jakin badakigu kolonbiarrek bakea nahi dutela. Horregatik, ziur egon behar dute elkarrizketari seriotasunez eta duintasunez ekingo diogula eta ez ditugula itxaropen faltsuak sortuko», nabarmendu zuen. Gerrillari ere jarrera bera izan dezala eskatu zion. «Bidea luzea da, baina Juan Manuel Santos presidenteak berak esan duenez, gatazkari amaiera emateko akordio bat lortzeko aukera dugu», gaineratu zuenez.
FARCen izenean, Ivan Marquezek herritarren parte hartzearen garrantzia nabarmendu zuen Nazio Batuen Erakundeko eta Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko ordezkaritzek Bogotako Foroaren ondorioak gerrillari eskura eman zizkiotenean.
«Herritarrek egindako ekarpenek berebiziko garrantzia dute guretzat. Elkarrizketa mahaiak lekua egin behar die», helarazi zuen pasa den astean.
Su-etenari buruz galdetuta, atzo argi utzi zuen igandean bukatuko dela. Gobernuari «diskurtso gerrazalea» alde batera uzteko exijitu zion. «Demagogiatik urrunduta, kolonbiarrek pairatzen dituzten miseria eta gizarte arazoak konpondu ahal izateko berehalako proposamen zehatzak eta argiak egiteko konpromiso publikoa hartzeko eskatzen diogu», plazaratu zuen.
Juan Manuel Santos presidentearekin bildu ostean eta Kubara joan aurretik egindako agerraldian, Humberto de la Callek, Gobernuko negoziazio taldeko buruak, elkarrizketak «erritmo azkarragoan» joan daitezela eskatu zuen. Bogotaren aburuz, hau ezin da mugagabeko bake prozesu bat izan.