Bi urteren ostean, asko dago egiteko Tunisian
Udaberri arabiarra delakoa «loratu» zen herrialdeen artean, Tunisiakoa izan zen lehenengo iraultza. Orain dela bi urte, Zine El Abidine Ben Ali diktadorea boteretik egotzi zuten, eta geroztik herrialde horren norabidearen gaineko albisteak urrituz joan dira. Atzo, iraultzaren bigarren urteurren hori dela-eta, ospakizunak izan ziren, baina batere handitasunik gabe. Eta ez dirudi arraroa, ez baita sumatzen iraultzaren kausa nagusiei heltzeko bide argirik, pobrezia eta langabezia tasek beren horretan diraute eta grebak eta bestelako protestak ohikoak dira. Bestetik, Gobernuaren aldekoen eta oposizioaren arteko aurkakotasunaz gain, salafisten mehatxuak ere badu bere lekua agertoki horretan. Arlo politikoan ez da aurrerapen handirik sumatzen, eta ziurgabetasun horretan ospakizunak baino askoz beharrezkoagoa dute gizarte justua eraikitzeko elkarlana. Tunisian oraindik bada egiteko asko, tunisiarrek berek egitekoa, jakina. Izan ere, kanpoko esku-hartzea interesduna da, eta ez herritarren interesen aldekoa, hain justu. Gogorarazi beharra dago, adibide gisa, Tunisiako matxinadak hasi zirenean, Estatu frantsesak, Ben Ali diktadoreari matxinada haiek erreprimitzeko laguntza militarra eskaini ziola. Poztekoa litzateke iraultzaren hurrengo urteurrenean tunisiarrek aurten baino zerbait gehiago izango balute ospatzeko.