Ipar Euskal Herrian erakunde bereziaren eskaerak lortutako adostasuna goraipatu du ELAk
Bere XIII. Biltzar Nagusiaren atarian, Ipar Euskal Herriaren egoera hizpide izan du ELAk. Nazio Batzordeak atzo Baionan onartutako ebazpenean, «aitzinamendu» handitzat jo du Lurralde Elkargoaren eskaera.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Urtarrilaren 23an eta 24an egingo duen Biltzar Nagusiaren azken prestaketak egiteko xedearekin, ELAko Nazio Batzordea Baionan bildu zen atzo. Bilkuraren lehen puntua Ipar Euskal Herriari buruzko adierazpen bat onartzea izan zen. Txiki Muñozek eta Amaia Muñoak eman zuten horren berri.
«Sindikatu abertzalea» den aldetik, ELAk «arreta handiz» aztertu du 2012an izandako dinamika, batik bat, aitorpen instituzionalari dagokionean. Hala, Lurralde Elkargo bereziaren proposamenaren inguruan egindako lanak aipamen berezia merezi du, sindikatuaren ustetan. Izan ere, «gobernu frantsesak erabaki dezakeena gorabehera», errebindikazio horrek sekula baino babes handiagoa lortu izana, berez, «sekulako aitzinamendua» da, sindikatuaren iritziz.
Muñoak bereziki nabarmendu zuen ahalegin horretan Garapen Kontseiluak eta Batera plataformak egindako lana, gerora Hautetsien Kontseiluak ia aho batez onartutako ebazpenean isla izan duena. «Erreferentzia da aitzinera egin eta Euskal Herriaren etorkizuna eraiki nahi dugun erakundeontzat», esan zuen.
Gainera, prozesu hori «ikasgai» bikaina izan dela uste dute: «Helburu politiko eta kudeaketa-lanabes zehatzen inguruan eztabaida leial eta zorrotza egiteak eragileen arteko aurreiritzi asko baztertu egiten ditu, eta posizio immobilistak eta blokeoak askatzeko aukera ematen du».
Hollandek entzutea espero
Horren inguruan Manuel Valls Barne ministroak egindako adierazpenak gogor salatu zituen idazkari nagusiaren ondokoak, «ez soilik esanagatik, baita erabilitako bitartekoarengatik ere [«El País» egunkaria]». Muñoak nabarmendu zuen «ukazioak berak berarekin dakarrela Pirinioen bi aldeetara nazio bat dagoen aitortza», eta «astakeriatzat» jo zuen Ipar Euskal Herriko etorkizun instituzionalaren auzia ETAren jokabidearekin lotzea.
ELAk espero du Hollanderen gobernuak aintzat hartuko duela «izandako debatearen kalitate demokratikoa eta hautetsiek zein euskal gizarteak adierazi duten konpromiso plurala», eta horren haritik, datozen hilabeteetan «errebindikazio instituzionala entzungo» duela.
Hurrengo lau urteetarako Biltzarrean finkatuko dituzten lan-ildoetan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan bere dinamika sakontzeko xedea jaso du ELAk. «Gure asmoa egindako lana areagotzea da, baina azken urteetan egin dugun bide berberetik, hau da Robles Arangiz Fundazioaren bitartez. Duela zortzi urte lana abiatuz geroztik argi izan dugu jarduteko era, hau da, Iparraldeko militanteek erabaki behar dute lan hori nola egin, eta egun, ideia eta molde berdinekin jarraitzen dugu», azpimarratu zuen Muñoak.
Aldez aurretik, ELAko idazkari nagusi Txiki Muñozek Biltzar Nagusiaren nondik norakoak azaldu zituen, «egungo testuinguru larrian» burutuko dena. Egoera horretan sindikatuen zereginaren garrantzia nabarmendu zuen: «Politika desagertu egin da eta langileok bakar-bakarrik uzten gaituzte egoera horri aurre egiteko». Egun ELA «politikariei oreka soziala bilatu behar dela exijitzeko gizarte eragileekin eta sindikatuekin fronte indartsua» antolatzeko ahaleginean dabilela gogoratuta, langileei antolatzera dei egin zien.
ELAren ustetan, Valls Barne ministroak erakunde propioaren aukera ukatuz egindako adierazpenek berekin dakarte «Pirinioen bi aldeetara nazio baten existentziaren aitortza».
Duela zortzi urte Ipar Euskal Herrian bere dinamika abiatu zueneko «ideia eta molde berekin bere lana areagotzeko» asmoa du ELAk, «batez ere Manu Robles Arangiz Fundazioaren bitartez».