Donostiako haurrak gogotsu eta urduri, igandea noiz iritsiko zain
Orotara 7.500 neska-mutilek hartuko dute parte haurren danborradan, hiriburuko egun handia ospatzeko. Gainera, aurreikuspenen arabera, hotz handia egingo du, baina euririk ez. Aimar Ezeiza danbor nagusiak aitortu zuenez, pozarren da egokitu zaion papera defendatzeko.
GARA | DONOSTIA
Badira aste batzuk Donostiako kaleetan danbor eta upel hotsak entzuten direla, hango eta hemengo ikastola, lokal nahiz elkarteetan entseatzen ari direlako. Giroa berotzea esaten zaio horri. Eta aurten, iaz bezala, horretarako behar berezia egongo da, izan ere, adituek euririk aurreikusi ez duten arren (oraingoz), termometroetako merkurioa sei eta hamar gradu artean egongo da.
Ez da euria egingo duela pentsatzeagatik, baina «badaezpada» horietan arreta jartzea garrantzitsua da. Horregatik, igandean, San Sebastian egunean, txarra egingo balu, haurren danborrada hurrengo egunera, hau da, hilaren 21era atzeratuko litzateke. Orduan ere eguraldiak gupidarik izango ez balu, hurrengo igandean, hau da, hilaren 27an egingo litzateke desfilea. Orduan ere ezinezkoa balitz, datorren urtera arte ez litzateke egingo. Hala aurreratu zuen atzo Nerea Txapartegi Kultura zinegotziak.
Haur danborradaren inguruko datuak ere eskaini zituen atzo Txapartegik. Orotara, 43 ikastetxek zeharkatuko dituzte Donostiako kaleak 50 konpainiatan banatuta -zazpi ikastetxek bi konpainia aterako baitituzte-. Parte hartuko duten 4.766 haurretatik %46 mutilak dira; neskak gainerakoak.
Hala ere, zenbaki honi beste bat gehitu behar zaio, auzoetan ateratzen diren haur danborradak aintzat hartzen badira umeen kopurua 7.500 baita.
Ibilbideari dagokionez ez dago aldaketarik, Alderdi Eder izango da abiapuntua 12.00etan. Ondoren kale hauek zeharkatu ditu: Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez eta Gipuzkoa plaza.
Nobedadeei dagokienez, jeneralari erreparatu behar zaio, aurten aurrenekoz neska batek beteko baitu paper hori, zehazki Sara Huegunek. Bere laguntzailea ere neska izango da, Sara Ochoa. Biak Larramendi ikastetxeko ikasleak dira.
Bestetik, Ikasbide ikastolako Aimar Ezeizari egokitu zaio danbor nagusiaren papera defendatzea. Oso pozik agertu zen atzo igandean izango duen arduragatik, eta gogo biziz aurrenekoz Donostiako ereserki zaharra joko delako.
Udaletxetik ere atzo jakinarazi zuten, urtero legez, haur danborrada dela-eta hiriaren erdialdeko zati handi batean zirkulazioa moztu egingo dela 10:00etatik 15:00etara arte, eta autobus geltoki batzuek ere aldaketak izango dituzte. Informazio osoa donostia.org gunean jarri dute.
Abandotarrak, 25 urte
Urtero-urtero konpainia berriak gehitzen doaz, baina neurri berean beteranoek ezteiak betetzen dituzte. Horietako bat da Abandotarra, aurten 25 urte beteko baititu -El Sauce danborradarekin batera Amara auzoko bigarren konpainia zaharrena-.
Urteurrena aprobetxatuko dute denbora honetan guztian konpainia zuzendu duten zazpi danbor nagusiak omentzeko.
Aurten aurrenekoz Konstituzio plazako udal eraikin zaharretik banderaren igoera eta jaitsiera ikusteko lekuak zozketatu ditu Udalak. Atzo egindako zozketan 2.564 zenbakia atera zen, eta hortik aurrera hautatu ziren gainerakoak.