GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alerta laranja ezarri du Lakuak gaurko eta gorria Nafarroako Pirinioan

Negu gorria iritsi da Euskal Herrira. Atzo izandako eguraldi petralak txarrera egingo du gaur, eta euri zaparrada mardulak iragarri dituzte, 80 l/m2-tik gorakoak. Haizeak gogor joko du, eta itsasoa ere zakar ibiliko da.

p019_f02.jpg

GARA | BILBO

Larunbateko manifestazioan bere lehen agerraldia egin zuen eguraldi kaskarrak geure artean geratzea erabaki du. Atzo izandako eurite latzak gaiztotu egingo dira gaur, eta Kantauri isurialdean prezipitazioa oso ugaria izango da, 80 l/m2 neurtzeraino.

Aurreikuspenak ikusita, Lakuako Larrialdien Zuzendaritzak gaurko alerta laranja ezartzea erabaki du. Euri zaparradak nabarmenak izango dira kostaldean, batez ere ekialdean.

Euriteagatik alerta laranja ezartzeaz gain, haizeari dagokionez ere alerta horia ezarri du Lakuak haizeguneetarako, egunaren hasiera partetik eguerdira arte. Ipar-mendebaldeko haize boladak 100 km/h-ko abiadura hartzera irits litezke.

Abisu horia itsasora zabalduko da, goizaldeko hiruretatik arratsaldeko seietara arte. Lakuak adierazi duenez, hiru metro inguruko olatuak izango dira, eta baliteke lau metroraino ere iristea.

Nafarroako Gobernuak ere zenbait neurri hartuko ditu eguraldi latzari aurre egiteko. Elur mailak behera egin du asteburu eta astelehenean, eta bazter ugari zuritu ditu. Oohar baten bidez adierazi duenez, elurra kentzeko 44 makina martxan jarri ditu, horietako 21 Pirinioetan arituko direlarik. Alerta gorria ezarri zuten eskualde horretan. Biztanleei ere zenbait gomendio luzatu die, esaterako, ezinbestekoak ez diren joan-etorriak beste egun baterako uzteko.

Eguraldiak hobera egingo du bihar, baina aldaketa nabarmenik gabe. Euri zaparradek indarra galduko dute, eta tenperaturak zertxobait egingo du gora. Ostegunerako, ordea, eguraldi petrala iragarri dute berriz. Tenperatura behera nabarmen, eta elur maila oso behean.

Arazoak mendateetan

Atzokoa nahiko egun aldrebesa izan zen errepideetan. Eguraldia gaiztotzen denean ohikoa den bezala, mendateetako bideetan izan ziren arazo handienak, elurraren eta izotzaren ondorioz.

Herrerako portua itxita egon zen egun osoan, ibilgailu mota guztientzat. Beste mendate batzuetan, Opakua kasu, debeku hori soilik kamioientzat izan zen, baina autoek kateak erabili behar izan zituzten. Azazeta, Kurtzeta eta Bernedo eta Urduñako portuetan ere egoera berdina izan zuten.

Ipar Euskal Herrian ere izan zen arazorik. Uholdeak izan ziren Bidarte eta Getaria aldean, kalte handirik sortu ez bazen ere. Bidarteko Erretegia itsaslabarrean berriz ere lur-jausiak izan ziren. Azken asteetan izan diren luizien eraginez bazterretik 30 metrora hurbiltzea debekatuta dagoela oroitarazi zuten segurtasun zerbitzuek.

petral

Eguraldiak gaizto jarraituko du aste osoan. Bihar zeozer hobetuko du, baina ostegunean berriro ere giro desatsegina izango dugu: ekaitz bortitzak, tenperatura behean eta elur maila oso behean, 300-400 metroan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo