Bertsozale Elkarteak eta IXA taldeak bertsotan ikasteko tresna digitala egin dute
GARA | DONOSTIA
Bertsozale Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldeak Bertsotarako Arbel Digitala garatu dute elkarlanean. Tresna honek bertsoak sortzeko laguntza eskaintzen die bertsotan ikasten ari direnei. Bi erakundeok etorkizunean ere elkarrekin lanean jarraitu nahi dute, erreminta honekin pozik daudelako.
Arbel Digitalak bertsoak sortzeko laguntza ematen du, errimak bilatuz eta zuzenduz, baita doinua emanez ere. Horrez gain, sinonimoak bilatzen ditu eta neurria zuzentzen du.
Ikasle eta zaleentzat
Tresna berriarekin batera webgune berritua jarri dute martxan, www.bertso-eskolak.com helbidean, Arbel Digitalaz gain bestelako edukiak topatuko ditugu. Bertso-eskolen Mapan Euskal Herri osoan zehar dauden bertso-eskola guztien ezaugarriak eta datu eguneratuak biltzen dira.
Bertsolaritzaren Mapa ere bertso-eskoletako kideek erabiltzeko garatu dute, norberak bere eskualdeko egoeraren irakurketa egin ahal izateko. Herri bakoitzeko agenda, biografiak, datuak, grabazioak, bertso historikoak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak bildutako bestelako informazioa aurkituko dugu bertan.