GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Futboletik bizitzeko, beste liga batzuetara joatea beste aukerarik ez zaigu geratuko»

p038_f01.jpg

Josu Esnaola

Futbolaria

Josu Esnaolak bigarren urtea beteko du aurten Noja taldean. Iaz iritsi zen Kantabria aldera, eta han hasieratik izan zuen lekua hamaikakoan, eta taldeko ikurretako bat bihurtu da. Realeko harrobian hazi eta hezitakoa da, lehen taldera iritsi arte. Han urtebete egin ostean, Real Unionera joan zen, baina denboraldi erdia egin zuen, beste erdia Lanzaroten, eta horren ondoren, Nojara iritsi zen.

Jon LEUNDA

Pasa dira Josu Esnaolarentzat urte txarrak. Azken bi denboraldi hauetan Noja taldean ari da jokatzen, aurten Bigarren B Mailan. Gozatzen ari da berriro ere, eta Realean erakutsi zuena erakusten ere ari da. Dena ezin ona izan, ordea, eta orain, beste askok bezalaxe, dirua kobratzeko ditu arazoak.

Nola doa zure bigarren denboraldia Noja aldean?

Oso ongi. Taldea oso denboraldi txukuna egiten ari da, eta ni, berriz, jokatzen ari naiz. Azken batean jokalariok jokatu egin nahi dugu, eta horrela denean, normalean gustura egoten gara. Entrenatzailearen konfiantza osoa daukat, eta hori ere ona da.

Iaz, igoera lortu zenuten unea ere polita izango zen, ezta?

Oso polita. Iaz igotzea zen gure helburu nagusia, eta erronka horri eutsi egin genion. Urte batzuk bazeramatzan taldeak igo ezinik, eta pasa den denboraldian lehen kanporaketan lortu genuen Bigarren B Mailara igotzea. Horrelakoak betiko geratzen dira.

Ekonomikoki nola dabil taldea?

Hor ditugu arazoak. Kobratzen ez gabiltza ongi, dirua jasoko dugula esaten digute, baina atzerapenekin gabiltza, eta okerrena da, hau ez dela Nojaren kasua bakarrik, nik uste dut talde asko eta asko dabiltzala arazo berdinekin, eta futboleko egoera gero eta zailagoa da.

Jendeak ez al du erantzuten?

Ez, oso jende gutxi etortzen da gu ikustera. Iaz Hirugarren Mailan geundenean bezalaxe. Neguan 2.000 lagun bakarrik bizi dira hemen, eta gazte gutxi dago. Beraz, zaila da harmailetan jende kopuru handia izatea.

Beraz, askotan kanpoan ari bazinate bezala jokatu beharko duzue, ezta?

Hori da gertatzen zaiguna. Bigarren B Mailan talde garrantzitsu asko daude, jende asko mugitzen duten taldeak, eta haiek etortzen direnean, kanpoan jokatuko bagenu bezala aritzen gara, beraien aldekoak gehiago izaten direlako, gure aldekoak baino. Hala ere, eskerrak horri; izan ere, taldearentzat diru dezente uzten dute, eta hori ere beharrezkoa du ekipoak.

Reala utzi ondorengo une txarrak erabat ahaztuta?

Bai, bai. Reala utzi, eta Real Unionekoa ere ez zen ederra izan, baina iaz berreskuratu nuen futbolerako ilusioa Nojan, eta egia esan asko ari naiz disfrutatzen. Jokatzen ari naiz, taldea ongi doa, gozatzeko urte horietakoa da aurtengoa.

Udan Norvegian ibili zinen. Zer gertatu zen han?

Hango talde batekin aste bat pasatu nuen probatzen. Gustatu nintzaien, baina itxaroteko esaten zidaten. Taldea berritzen ari ziren, eta lehengo jokalariekin negoziatzen ere ari ziren. Nik garbi neukan, ordea, ezin nintzela luzaroan zain geratu, eta horrela esan nien. Pentsa, haien zain egon, eta haiek ezetz esan balidate, talderik gabe geratuko nintzen; eta azkenean Nojan geratzea erabaki nuen. Gerora jakin dut, entrenatzaileak nirekin kontatzen zuela, baina ordurako hemen nengoen. Ikusiko dut datorren urtean zer gertatuko den.

Futbolarien etorkizuna beste liga batzuetan egon daiteke?

Dudarik gabe. Espainiako Ligako egoera jasangaitza da. Talde asko eta asko dirurik gabe daude, jokalariak ordaindu ezinik dabiltza, eta horrela ez dago jarraitzerik. Beraz, oso garbi daukat aurrera begira futboletik bizitzeko irtenbide nagusia hori izango dela.

Beraz, gero eta euskal jokalari gehiago ikusiko ditugu munduan zehar?

Bai. Aurten jadanik batzuk atera dira, Ziprera, Greziara, Maltara edo Esloveniara, eta egon seguru datorren udan gehiago aterako direla, edo garela. Azken batean, kirol mailan ere erronka oso polita da. Diru arazoak egon arren, Espainiako Liga oso indartsua da, ez Lehen Mailan bakarrik, baita beste mailetan ere; eta ikusi besterik ez dago, Bigarren B edo Hirugarren Mailan ari ziren batzuk beste ligetako Lehen Mailan ari direla. Ekonomikoki ere kobratzeko arazorik ez baldin badago, garbi dago irtetea beste erremediorik ez dela geratuko, futboletik bizitzen jarraitu nahi baldin badugu.

Eibar eta Alaves al dira zuen multzoko bi onenak?

Bai, baina onena Eibar da. Nik uste dut oso talde ona daukatela, eta igotzeko ere faborito nagusiak direla. Haiekin batera Alaves eta Athletic B. Hiru horiek igoera fasea jokatuko duten inongo zalantzarik ez daukat, onenak direlako, nahiz eta Eibar egon bien gainetik. Laugarren posturako borroka oso polita izango delakoan nago, hor talde mordoxka bat gaudelako, eta ez da emozio faltarik izango geratzen diren partidetan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo