Fredi Paia Bertsolaria
Beste bideak
Baina ez dago kosturik gabeko aldaketarik, gehiengoaren proiekturik ez dagoen legetxe, baizik eta gehiengoa konbentzitzen duten proiektuakUrtarrilaren 12an mobilizatu ez ziren guztiek hurrengo egunean egin behar izan zuten. Zapatukoa ez zen soilik gatazkaren konponketaren aldeko aldarria izan. Ezker abertzalea helburu hori lortzeko egiten dabilen bidearen aldeko mobilizazio herritarra izan zen. Azken urteetako estrategia, ondoriozko herritar batasun berria eta islatutako izpiritu herrikoi eta parte-hartzaile barik, ezinezkoa zatekeen larunbateko argazkia.
Indabak su eztitan egiten dira, eta elkartasun exijentzia distantzia sortzaile baino ez da izan orain arte. Distantzia hori da estatuak, eta bere jopuek, gaur gatazkaren konponketaren aurka duten arma bakarra. Egoera ekonomikoak gainerako gai guztiak erlatibizatzeko daukan gaitasunak estaltzen duen beldurra.
Gure koadro politikoak gauzak astiro eta ondo egiten dabiltzalakoan nago, hori adierazten dute hauteskunde, mobilizazio, argazki politikoen aniztasun ideologiko eta zaborren bilketaren alorrean egin aurrerapausoek. Guztiak euren erritmo eta kostuekin. Baina ez dago kosturik gabeko aldaketarik, gehiengoaren proiekturik ez dagoen legetxe, baizik eta gehiengoa konbentzitzen duten proiektuak. Detaile modura, sano garrantzitsua begitandu zitzaidan Laura Mintegik Azkunak jasotako saria dela eta izandako jarrera kritikoa. Hurbilago egon behar dugu Kukutzatik Udaletxe- tik baino, beti eta edonon.
Aldaketen beldurra adierazten duen distantzia hori deuseztatuz jarrai dezagun. Distantzia publikorik handiena EAJk hartu du. Gainerako alderdi guztietan herri honetako konposizio politikoa, bere ondorio posibleekin onartzeko eta etorkizuneko elkarlanean aritzeko ahotsak entzuten direnenean, EBBko presidenteak ezker abertzalea legendunen irlan dauka eta egunka- riak PSEri egindako ezkontza eskakizunekin zabaltzen ditu, iraganeko urte zoriontsuen izenean. «Deia»-k Pastorri elkarrizketa argitaratu dio egun berean eta U-12ari ezezkoa eman ostean giroa ezin erromantikoagoa da. EAJk Estatuari lasaitasun mezua igortzen zion bitartean euskal gizarteari argudio txamanikoa eman zion: «gu ez gara kalera irtengo eguraldi honekin, guk bide eraginkorragoak dauzkagu hori lortzeko». Bi egunetara mobilizazioaren mezuarekin bat egin dute, hori bai, kalefakzioaren epeletan.
Egoera horixe da, kontua da zelan interpretatu. EAJ estatuaren altzoan dago, hor egon gura du, onurarik gehien, eta hegemoniarako bermea opatzen dion aukera bakarra delako. Baina edozein atzerritarrek, gure gatazkaz soilik datu horiek balitu, «estrategia komun perfektua» dela esango luke. Euskaldunek ezker besoarekin Bilboko kaleak betez gatazkaren ondorioen gaia agenda erdian kokatu dute, eta eskuin besoarekin eskumen faktikoa duen estatuarekin komunikazio kanala mantendu eta PSErekin lehentasu- nezko hartu-emana proposatu dute, jakinik, Rubalcabak ez duela Bildurekin akordioetara heltzerik ametituko oposizioan dagoen bitartean. Baina edukietan aurrera egin liteke, sinadurak beste batzuk balira.
Zein ezberdina litzatekeen dena hegemonia borrokak nazio ikuspegiari leku egingo balio.