Goioaga babestu du EH Bilduk eta senatari izateko trabarik ez duela esan du Lucasek (PP)
EH Bilduk inkisizioarekin parekatu du Fiskaltzak Iñaki Goioaga senatari izateko hautagaiaren aurka abiatu duen erasoaldia, eta erabateko babesa eskaini dio. Senatuko presidenteordeak onartu du bertan hautetsi izateko trabarik ez duela. PSEk «jokoa» ikusten du atzean.
GARA | GASTEIZ
Hurrengo asteko ostegunean aukeratuko ditu Gasteizko Legebiltzarrak dagozkion hiru senatariak, eta horien artean EH Bilduk hautatutako Iñaki Goioaga abokatua azaltzen da. Gobernu espainolak ez du gustuko izendapen hori, eta Legebiltzarreko presidenteari hori ekiditeko alferrik eskatu ondoren, orain Fiskaltzaren bidez eragin du haren kontrako inputazioa Auzitegi Nazionalaren aurrean, eta blog batean agertutako post bat aitzakia hartuta. Polemika zabaldu du honek guztiak, eta atzo gogor salatu zuen EH Bilduk.
Laura Mintegik eta Julen Arzuagak agerraldia egin zuten Legebiltzarrean, «jarrera inkisidore horiek iraganekoak direla» nabarmentzeko. Beren hitzetan, «Justiziara jo dute ideiak kriminalizatzeko ahaleginarekin jarraitzeko».
«Baliabide demokratiko arrunten bidez lortu ez dutena, alegia, hautestontzien bitartez lortu ez dutena, bestelako baliabideak erabiliz lortu gura dute -adierazi dute EH Bilduko bi eledun nagusiek-. Tribunalen erabilpen interesatua eta politikoa egiten dute». Mintegik erantsi zuen ekimen errepresibo hori ez doala EH Bilduren aurka bakarrik, «gizarte osoaren aurka eta gizarteak emandako mandatuaren aurkako erasoa baita».
Horrekin batera, auzia UPyDk aurkezturiko salaketa baten ondorio dela ekarri zuten gogora EH Bildukoek, baita aurretik Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko delegatuak izendapena ekiditeko egindako «ahalegin hutsala» ere. Bereziki azpimarragarria ikusten dute orain «salaketa maltzur baten bitartez, argudio juridiko benetan makalak erabiliz eta segurtasun juridikoa albo batera utzirik» Goioagaren aurka ekitea.
«Elkartasuna» eta «berotasuna», politikoa zein giza mailakoa, agertu diote Goioagari Mintegik eta Arzuagak.
Lucas (PP) eta Pastor (PSE)
Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko epailearen esku dago orain Fiskaltzaren eskaera. Goioagari itaunketa egin eta bestelako probak abiatzeko zuzendu zaio auzitegi bereziko Javier Zaragoza fiskal burua.
Oraingo egoeran, Goioagari senatari izatea eragotziko liokeen inolako erabaki judizialik ez dagoela onartu du Juan Jose Lucas PPko kide eta Senatuko presidenteordeak.
Baldintza bakarrak «legaltasuna betetzea» eta «borondate politikoa» izatea direla adierazi du Lucasek. Bere aldetik erantsi du «senatari batek espainiar herria ordezkatzen duela, ez espainiar herriaren zati bat bakarrik».
Bitartean, PSEko eledun den Jose Antonio Pastorren ustez, polemika antzua da honako hau, «artifiziala». «Nolabaiteko joko maltzurra» ere ikusten du PPren eta EH Bilduren artean, eta «bataren zein bestearen onerako» dela ziurtatu du.
Auziaren mamiari erreparatuz, Goioaga «orain arte bere eskubide zibil guztien jabe izan bada», aitortu du Pastorrek, eta ondorioz «harrigarritzat» jo du gertatzen ari dena. Fiskaltzaren ekimenak ez duela ezer aldatzen gogoratu du PSEko eledunak.