GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herriko bost gazte epaitzea konponbidearen aurka doala salatu dute Burlatan

Euskal gazteria konprometituaren kontrako eraso berritzat jo zuen Burlatako herritar talde batek bertako bost gazteren kontra otsailean Auzitegi Nazional espainolean egingo den epaiketa. Horrelako gertaerak gatazkaren konponbidean traba direla gaineratu zuten.

p014_f01.jpg

GARA | BURLATA

Hogeita zazpi urte arteko espetxe zigorrari aurre egin behar izango diote otsailaren 17tik 19ra Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten Burlatako bost gaztek.

2007ko azaroan sei lagun atxilotu zituzten eta bost egun inkomunikatuta eman zituzten. «Torturapean egindako deklarazioen ondorioz, epaileak herriko beste bost gazte sumarioan sartu zituen. Ondoren, gazte horietako batzuek urtebete baino gehiago pasa zuten espetxean behin-behinean, eta milaka euroko fidantzak ordaindu ondoren behin-behinean aske utzi zituzten. Geroztik, astero epaitegian sinatzera behartuta daude eta Estatu espainoleko mugetatik ateratzea debekatuta dute. Ia sei urte eman dituzte epaiketaren zain eta berriki jakin dute 2013ko otsailaren 17, 18 eta 19an epaituko dituztela», azaldu zuten ostiralean eurei sostengua adierazteko Burlatan egin zuten agerraldian. Herritar ugari eta Burlatako eragileen ordezkariak elkartu ziren ekitaldian.

Estatu espainolak euskal gazteria kriminalizatzeko egindako saiakera berritzat jo zuten Burlatako herritar hauen kontrako epaiketa. «Hau orain izatea ez da kasualitatea; izan ere, epaiketa hau Estatuak herri honek bizi duen gatazkaren konponbide demokratikoan jarritako beste oztopo bat baita», gaineratu zuten.

«Urtebete pasa da berriki Aieteko jauregian Nazioarteko Bake Konferentzia burutu eta ETAk bere jarduera armatuaren aldebakarreko eta behin betiko amaiera iragarri zuenetik. Geroztik, bi estatuek ez dute inolako pausorik eman Euskal Herriarekin bizi duten gatazka politikoari eztabaida eta negoziazioaren bidetik irtenbidea bilatzeko», salatu zuten.

Gatazka mantentzeko apustua

«Aldeetako batek gatazkaren konponbidearen benetako norabidean pausoak ematen denbora asko daraman bitartean, gobernuek gurpilean harriak jartzen dihardutela ikusten dugu, debeku, atxiloketa, epaiketa eta mota askotako neurri errepresiboekin. Iraganeko errezetak erabiltzen jarraitzearekin tematuta, Auzitegi Nazionalean euskal gazte konprometituen kontrako epaiketak gauzatzen jarraitzen dute, beti injustua izan den baina orain inoiz baino toki gutxiago duen dinamika errepresiboari jarraiki», gaineratu zuten.

«Estatuek diktadura eta gerra garaikoa den estrategia errepresiboa behingoz bertan behera uzteko garaia dela deritzogu. Horregatik, herri honen gehiengoaren nahira, alegia, gatazkaren benetako konponbide demokratikora, batu daitezela eskatzen diegu. Konponbide honen bidez hel diezaietela, batetik, gatazka sortu zuten gakoei eta, bestetik, honek sortutako ondorio pertsonal zein kolektiboei, hauen berehalako pekamena bilatuz», nabarmendu zuten epaituak izango diren Burlatako gazteei sostengua adierazi zioten herritarrek.

Epaiketak amaitzeko deia

Zentzu honetan, otsailean Madrilgo Auzitegi Nazionalean Burlatako bost gazteren aurka antolatu den epaiketaren aurrean gaitzespena adierazi zuten, bide batez horrelako epaiketa guztiak berehala geldi ditzatela eskatuz, «ez baitute bizi dugun gatazka politiko eta salbuespen egoera luzatu baino egiten».

Oiartzualdeko eta Hernaniko gazteek ere antzeko epaiketei aurre egin behar izan diete azkenaldian, eta horietako batzuei espetxe zigor handiak ezarri dizkiete.

Gauzak horrela, dei berezia egin zieten Burlatako herritarrei epaiketa honen eta beste hamar gazteren kontrako hurrengo epaiketen aurka ere mobilizatzeko.

Ostiraletan, 19.00etan, Eleak mugimenduak kontzentrazioak deitu ditu Iruñeko udaletxearen aurrean eta otsailaren 9an manifestazioa egingo da Burlatan bertan. Ondoren afaria eta kontzertuak izango dira.

Modu berean, Madrilen epaiketak iraun bitartean auzipetuko gazteei elkartasuna adieraztera animatu zituzten burlatar guztiak.

mobilizazioak

Eleak mugimenduak kontzentrazioak deitu ditu ostiraletarako, 19.00etan Iruñeko udaletxearen aurrean. Otsailaren 9an manifestazioa egingo da Burlatan. Ondoren, afaria eta kontzertuak izango dira.

torturapean

Torturapean eta inkomunikaturik polizia-etxean egindako deklarazioak eta autoinkulpazioak dira Burlatako bost gazteen kontra Madrilen epaiketa egiteko froga bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo