GARA > Idatzia > Ekonomia

Gernikako piketean aritu ziren 18 lagunak absolbitu egin dituzte

Bilboko epaitegiak absolbitu egin ditu 2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorrean Gernikako pikete informatibo batean parte hartu eta supermerkatu bateko ibilgailu bati gurpilak zulatzeaz akusatutako 18 lagunak. Epailearen ustez, ez dago nahikoa frogarik akusatuek piketean parte hartu zutela ziurtatzeko. Fiskaltzak hamar eguneko epea du orain helegitea jartzeko.

GARA | GERNIKA

Joan den astean epaitu ondoren, epaileak 2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorrean Gernikako pikete informatibo batean aritu ziren 18 lagunak absolbitu ditu, ez baitu frogatutzat eman salaketa ipini zuen supermerkatuaren inguruan egon zirenik autoaren gurpilak zulatu zirenean, «Busturialdeako hitzak» jakinarazi duenez.

Bilboko Auzitegian epaitu zituzten 18 lagunak joan den ostegunean. Hain zuzen, informazioa banatzen pikete lanetan ari ziren lagun horietako bakoitzari hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna ezartzeko eskatzen zuen fiskaltzak. Zigorra mantentzeko eskatu zuen epaiketan.

Halere, auzipetuen aurkako froga nahikorik ez dagoela-eta epaileak egotzitako delituak onartu ezean, derrigortze delitua aintzat hartzeko eskatu zuen fiskalak-orduan, zigorra zortzi hilabetekoa izango litzateke-. Defentsak absoluzioa eskatu zuen, akusaziorik ez dagoelako eta ezer frogatutzat eman ez zelako. Epaia ezagutu ostean, fiskaltzak hamar eguneko epea dauka helegitea jartzeko.

LABen ustez, ebazpenak auzian zehar defendatutako berresten du, auzipetuek deliturik ez zutela egin alegia.

«Zehaztasunik gabe»

San Juan kaleko supermerkatu batek jarritako salaketagatik identifikatu eta auzipetu zituzten hamazortzi lagunak, baina salaketa hori, gerora, kendu egin zutela jakinarazi zuten auzipetuek. Horregatik, salatu egin zuten Ertzaintzak lehenengo eta fiskalak gero, delitu bat bere gradurik gorenean inputatzea, inolako zehaztasunik gabe. Salaketa ipini zuen beharginak ere deklaratu zuen ostegunean, lekuko gisa, baina ez zen gai izan akusatuak identifikatzeko. Esan zuenez, enpresak aginduta jarri zuen salaketa, aseguru etxeari autoaren matxuraren konponketa kobratu ahal izateko. Salaketa, hain zuzen, supermerkatuaren ibilgailu baten gurpilak zulatzeagatik jarri zuten.

Busturialdeko 26 talde eta eragileren babesa jaso zuten auzipetuek, baita 2011ko urtarrilaren 27an greba orokorrera deitu zuten ELA, LAB, EHNE, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuena ere. Hain zuzen, «kriminalizazio prozesu iraunkor bat» pairatzen ari direla salatu zuten. Jarrera judizial horren bidez, «erakundeek eta kapitalak euren joko arauetatik kanpo daudenei zigor bikoitza» ezartzen dietela adierazi zuten.

identifikatu ezinik

Salaketa jarri zuen langilea ez zen gai izan akusatuak identifikatzeko, beraz, frogarik ez dela iritzita, absolbitu egin ditu epaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo