GARA > Idatzia > Kultura

«H.» ikuskizuna, gizatasunaz mintzatzeko gorputzen dantza

EliralE dantza konpainiak «H.» azken lana ostiralean estreinatuko du Saran. Ur Apalategiren «Beste Bizitza» eleberrian eta Amaia Hennebutte-Millarden «Himalayajavakaputazidiburrina» ipuinean oinarritu da Pantxika Telleria koreografoa gizatasunari buruz gogoeta egiteko.

p049_f02.jpg

Idoia ERASO | AZKAINE

«Gure hutsuneek betetzen gaituztelako `H.'-k gure gizatasunaz hitz egiten digu», hitz horiekin azaldu du Pantxika Telleria koreografoak ostiralean estreinatuko duten lanaren muina. Gizatasuna gorputzetik abiatuta, gorputzek ematen diote zer ikusi eta zer entzun obra «aski esperimental» honi. Aurreko lanetan bezala, haurrei zuzenduriko koreografia dugu.

«Esperientziak gure taldean mugimendu anitz aldatu ditu, kartak aldatu ditu. Aski galduak izan gara, eta behingoz erditze ez erraz baten aitzinean ginen. Elkarlan luzea izan da, kide guztien ekarpenekin osatua». Kristof Hiriart musikariaren kasua jarri du adibide koreografoak: «Haize berria ekarri digu, eta etorkizunean ere berarekin kolaboratzen jarraituko dugu».

Kolaborazio horren ondorioz musika melodiko oso gutxi du ikuskizunak. Soinu gehiena antzezleek beraiek egina dela azaldu zuen Jose Cazaubon dantzariak: «Musikaren gehiengoa guk sortzen dugu, gure pauso, arnasa, gorputz edo kantuekin. Oso aldakorra da, musikarik gabe dantzatzen dugu elkarrekin goazen edo ez entzuten» .

Dantzariak telefono kabina baten tamainako hiru kutxei helduta mugitzen dira agertokian, ikusleria inguruan dutela. Arka moduko horiek ikuskizunean duten esanahiaren interpretazioa «H.»-k taldean eragin duen sormen aniztasunaren ispilu da. Kutxek irudikatzen dutena definitzeko momentuan kide bakoitzak bere «`H'-utsunearen» isla eman zuen: ateak, kaiolak, pasadizioak mugak, presondegiak, bideak, norberaren mugak... «Barnetasuna, kanpoan dagoenarekin aurkitu, nahi duguna eta eramaten duguna», azaldu zuen Joselu Berasategi dantzariak bere «H.»-ri buruz. Lan honi ikusleriak egingo dion harrerari buruz ere iritzi ezberdinak daude taldean, baina Hego Lapurdi hiri elkargoak antolatu dituen zazpi emanaldietan hasiko da erantzuna argitzen. «Haurrek nola erantzuten duten ikusi beharko dugu», adierazi du Telleriak.

Literaturatik dantzara

Bi obra literariok osatu dute EliralE konpainiaren azken dantzaren oinarria. Biak Pantxika Telleria koreografoaren ingurumenaren parte dira: «Amaiaren liburuko haurraren istorioa eta Urek idatzi duen lana digeritzeko zailak dira eta horregatik landu ditut».

Ur Apalategiren «Beste bizitza» obra bikotearen inguruan mintzatzen da, mugak eta baliabideak erakutsiz zoritxarraren aitzinean. Telleriak honakoa adierazi du lan honi buruz: «Gure bikote bizitzako momentu bat deskribatzen du, eta nik berriz pilota berbidali diot. Bizitzako momentu zailenak gainditu egin behar dira bizitza politagoa izan dadin».

Amaia Hennebutte-Millarden idatziari buruz, koreografoak honakoa aipatu du: «Amaiak aipatzen duen gizatasunean ikusten da beti elkarrekin bagara ere beti bakarrik gaudela, eta hori da elkartzen gaituen bakarra».

Hennebutte-Millarden ipuinak, bi urtez gordeta izan eta gero, «bigarren bizitza» bat izan du «H.»-ri esker, Telleriak erabiliko zuela-eta, argitaratu egin baita. «Domaia iruditu zitzaidan liburuari buruzko espektakulua izatea eta euskarririk ez. Pantxikak plakarretik ateratzea eskatu zidan eta Paxkal Indok, editatu eta publikatu egin du, erraza ez bazen ere», azaldu du idazleak.

«Himalayajavakaputazidiburrina» ipuina

Amaia Hennebutte-Millardek «gizatasuna bere alderdi guztietan» landu nahi izan du «Himalayajavakaputazidiburrina» ipuinarekin. Txikienentzat egina den obra honek «Ulertua ez den eta jujatua den haur baten istorioa kontatzen du, zoriontsua bizi dena epaitua eta hunkitua den arte».

Momentuaren iragankortasuna ere aditzera eman nahi izan du artistak irudien bitartez: «Ikatzez marraztua izan da, hautu bat izan da hauskorra delako eta iraunkorrak ez diren gauzak marrazten direlako». Aldi berean kalko efektuak lortzeko egitura berezia du argitalpen honek. Orrialde transparenteak, zuloak edo forma ezberdinetako orriak erabili ditu Paxkal Indo editoreak obrak berak duen ikuspegiari egokitutako formatu bat emateko.

ZTK elkartea izan da lana plazaratu duen argitaletxea. Editore lanetan aritu den Indok aldarrikatu du: «Ez zen lan erraza, baina krisian garen garai honetan ez da lan errazik, baina artisten lana gure ametsak segitzea da. Ez da erraza baina justu horregatik egin behar da». I. E.

GARAIKIDEA

EliralEren lanetan ohi den bezala «H.» ikuskizunak ere dantza tradizionala eta garaikidea elkartzen ditu. Azken lanetan egin bideari jarraiki bereziki haurrentzat prestatua da azken hau, zazpi urtetik gorakoentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo