GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Obabako Testiguak», Info7 irratiak literatura ardatz duen kultur saio berria abiatuko du

Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak duela sei bat hilabete sorturiko ekimenaren jarraipena baino ez da saioa. Herrian hilero elkartzen dira irakurleak proposatutako liburu baten inguruan eztabaidatzeko asmoz.

Koldo LANDALUZE | DONOSTIA

Irratira salto egitea pentsatu eta gauzatu zen. Horretarako Info7 irratiarekin harremanetan jarri eta saioaren inguruan mintzatu ginen. Martin Riella eta Peter Ostolaza izango dira «Obabako Testiguak» saioaren gidariak.

Gonbidatua izango da saioaren ardatz nagusia eta horrek hartuko du zati handiena. Lehenengo saioan Ugaitz Agirre (http://www.psychedelictearoom.blogspot.com.es/) poeta gazte usurbildarra elkarrizketatuko dute. Saio honek beste ale bat izango du, gai zehatz bat izango da saioaren ardatz nagusia. Adibidez, bigarren saioan «Beat Belaunaldia» izango da jorratuko duten gaia, eta bide batez sakon aztertuko dutena.

Saioaren atalak

Saio berriak ondorengo atalak izango ditu: Liburuen kritika -hilabetean behin liburu baten kritika egingo da-; Añorgako Obabako Testiguen kronika -herrian gertatutakoaz egingo da kronika txikia, eta hurrengo liburua zein izango den adieraziko da- eta hamabostean behin landuko diren gaiak.

Mikroipuinak: hor zehar (liburuetan zein Interneten) aurkitutako mikroipuin baten (ipuin motza) irakurketa egingo da saioaren lehen tartean. Aurreneko saioan Bernardo Atxagaren «Obabakoak» liburutik ateratako heriotzaren gaineko ipuina irakurriko da.

Kantu kontari: saio bakoitzean kanta bat aztertuko da. Letra edota kantariaren inguruko informazioa eskainiz. Lehenengo saioan Silvio Rodriguezen «Playa Girón» kantu ezaguna aztertuko dute. Bigarren saioan, berriz, Ruper Ordorikaren «Berreziketaren zailtasunari buruz» abestia aztertuko dute.

Puntuka: Saio bakoitzean pertsona batek ipuin baten jarraipena idatzi eta irakurriko du. Lehen ipuinaren «puntua» Beñat Gaztelumendik emango du eta beste hiru pertsonak idatzi eta irakurriko dute eurek idatzitakoa ipuinari amaiera eman arte. Horrela, lau mikroipuinez osatutako ipuina sortuko da lau saiotan zehar.

Nire kolkotik: kolaboratzaileek idatzitako testuak irakurriko dituzte zutabe libre antzeko bat osatu arte. Kolaboratzaile bakoitzak esparru bat izango du eta horren gainean idatziko du beti.

KAFEA ETA PASTAK

Bihar hasiko da irratsaio berria eta hamabostean behin eskainiko da, ostegunetan, 22.00etatik aurrera. Donostiako Añorga auzoko literatur kluba du iturburu, hilabetean behin elkartzen dira kafearen eta pasten inguruan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo