GARA > Idatzia > Kultura

«Herri txiki bat gara, baina badugu mundua begiratzeko modu bat»

Estatuko Arte eta Zinema Zientzien Akademiak bi euskal film hautatu ditu aurtengo Goya sarietan parte hartzeko. Dibulitoon Studios etxeak egindako «Herensugeak. Haritzaren bihotza» eta Baleukoren «The wish fish», biak Barton Films banatzaileak sustatutakoak, animaziozko film onenaren saria eskuratzeko aukera dute otsailaren 17an ospatuko den galan. Ekoizpen handiekin lehiatuz proiektuak aurrera ateratzen dituzte euskal egileek.

p046_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

«Herri txiki bat gara baina euskaldunok badugu mundua begiratzeko modu bat. Gure helburua da kanpoko koprodukzioak egin arren, bertoko produktuak egitea», azaldu digu Baleuko ekoizpen etxeko Eduardo Barinagak. Izan ere, Disney, Pixar eta Dreamworks etxe erraldoiak nagusi diren eremuan muturra sartu behar izan dute euskal ekoizpeneko animazio filmek, eta indarrez, eurek ere mundu zail horretan tokia izateko.

Baleukok 2011ko apirilean estreinatu zuen «The wish fish» filma, eta orain Goya sarietako animaziozko film onenen artean hautatua izan da. Ohore hori lortzea bultzada bat izango balitz ere, ekoizpen etxe bizkaitarra nahiko ondo moldatzen da Euskal Herritik mundu osorako filmak egiten. «The wish fish» izena, adibidez, atzerrira begira jarri zioten Gorka Vazquezek eta Ivan Onekak zuzenduriko lanari, beste herrialdeetan bidea errazago ireki zezan.

Produktoreak kontatutakoaren arabera, Indiako Image Venture ekoiztetxearekin batera aritu dira lanean familia artean gozatzeko film hau sortzeko. Haurrei zuzendurikoa bada ere, helduek ere primeran pasatuko dute Opil mutikoaren abenturak ikusten. «Haurrek ondo pasatzen dute abentura film bat delako, estralurtarrekin eta tiroketekin, eta helduek, berriz, filmak transmititzen dituen balioak dituzte gustuko».

Umorez betetako istorioaren protagonista arraina jatea gorroto duen Opil mutikoa da. Amak, halako batean, «Gurarien arraina» ematen dio jateko, eta Opilek desio bat eskatzen du: estralurtarrak agertu eta munduko arrain guztiak eramatea. Baina kontuz ibili behar dugu zer desiatzen dugun, batzuetan bete egiten delako. Hurrengo egunean estralurtarrek munduko arrain guztiak desagerrarazten dituzte, bat izan ezik. Protagonista egoera bere onera ekartzen saiatuko da.

«The wish fish» lanak Indiako ekoiztetxe baten laguntza izan badu ere, Euskal Herriko ekoizpena da. «Ideia, gidoia eta animazioaren diseinuak gureak dira. Fitxan, gainera, jatorrizko bertsioa euskarazkoa dela dio, beraz, euskalduna da», baieztatu zuen Barinagak. Bere ustez animazioaren abantaila hizkuntzaz aldatzeko malgutasuna da. «Duela gutxi AEBetako aerolinea batek film bat erosi zigun bezeroei eskaintzeko. Animazioa unibertsala da», aipatu zuen. Alde horretatik, euskal animazioa gastronomiarekin alderatu zuen.

Berarentzat euskal animazioa euskal sukaldaritza bezalakoa da, nortasun propioa duelako, eta mundu osoan ezaguna egiten bada meritu handia duela iruditzen zaio.

Baleuko bezala, ekoizpen handien lehia saihesten saiatzen da Dibulitoon Studios etxe gipuzkoarra. Honek ere lortu du bere lanetako bat Goya sarietako hautagaien artean kokatzea. «Herensugeak. Haritzaren bihotza» datorren ostiralean estreinatuko da, eta trilogia baten atala denez, aurreko bi filmek izandako moduko harrera aparta izatea espero du Ricardo Roman zuzendariak. Milimetros etxe madrildarrarekin elkarlanean aritu dira filma aurrera ateratzeko, eta, beraz, bertako Angel Izquierdo zuzendariak ere egin du bere ekarpena. Hala ere, euskal ekoizpenekoa dela esan dezakegu lanaren %80 baino gehiago bertan egindakoa delako.

«Herensugeak» ez da berria Estatu espainoleko Arte eta Zinema Zientzien Akademiak banatzen dituen sarietan. Izan ere, lehenengo atalak animaziozko film onenaren saria jaso zuen, eta bigarrena hautagai izan zen, irabazi ez zuen arren.

Herensugeen hegaldia

Estreinatzear dagoen filma «Herensugeak» sagaren hirugarren eta azken atala bada ere, haur txikiei zuzenduriko istorio bat denez -6 eta 9 urte bitartekoentzat- ez da beharrezkoa aurreko bi filmak, «Dragon Hill» eta «Kubo Magikoa», ikusita izatea. «Badakigu agian umeek ez dituztela aurreko filmak ikusi, beraz, sortutako pertsonaia berberak erabili ditugu istorioa sortzeko, baina hasiera bat eta amaiera bat dauka», azaldu zuen Ricardo Romanek.

Elfy herensuge urdina, Robin elfo txikia eta euren lagunak Herensugeen Mendian bat-bateko klima aldaketa zergatik gertatu den deskubritzen saiatuko dira hotzagatik hiltzear dagoen basoa salbatzeko. Pelikula honek aurrekoek izan duten arrakasta berbera izatea espero du Romanek.

Zuzendariaren esanetan, zorte handia izaten ari dira garai zail honetan lanik falta ez zaielako, eta egin duten lana, gainera, ondo funtzionatzen ari delako. «`Haritzaren bihotza' asteburu honetan aurkeztuko dugu, beraz Goya sarietarako izendapenak promozioan harrapatu gaitu; dena batera iritsi zaigu. Aurreko urtearen amaieran bukatu genuen filma, Sevillako zinemaldian aurkeztu genuen eta animaziozko film onenaren saria irabazi genuen. Orain ikusi beharko dugu zer gertatzen den Goyetan!».

Koprodukzioak dira zinemagintzaren etorkizuna

Eduardo Barinaga Baleuko ekoizpen etxeko produktoreak argi dauka euskal animazio zinemak etorkizun oparoa duela, baina finantziazio arazoak gainditzeko, laguntzak bilatu behar ditu mundu zabalean. «Euskal animazio zinemagintzak koprodukzioen beharra du. Guk Indiarekin koprodukzioa lortu dugu, adibidez, `The wish fish' egiteko eta oso harro gaude, bide horretatik jarraituko dugu», azaldu zuen.

Goya sarietako hautagai diren bi filmekin batera aurrez aukeratua izan zen Baleukoren film berria, «Blackie & Kanuto». Otsailaren 15ean iritsiko da gure zinema aretoetara, euskaraz zein gaztelaniaz. Istorioa lantzen duela sei urte hasi zen Baleuko, eta Italiako eta Estatu frantseseko beste ekoizpen etxe batzuekin elkarlanean ari dira. «Gure proiekturik gogotsuena eta kuttunena zen, eta azkenean bidea luzatu egin da. Europakoekin lana egitea zailagoa da Asiakoen aldean, ez ginen ados jartzen», aitortu zuen ekoizle euskaldunak. Horregatik luze joan da filma amaitzea lortu duten arte. Lanean hasi zirenean 3D teknika modan zegoen eta uste zuten azkar garatuko zela, baina orain ikusi dute ez dela uste bezain azkar joan eta zinemagela asko oraindik ez daudela horretarako prest. Beraz, ohiko film baten gisan ere ikusi ahal izango da ilargira joan nahi duen ardi beltzaren istorioa kontatzen duen animazio lan hau. «Gure ametsen alde borrokatu behar dugula, hori da pelikularen mezua». Blackie ardiaren eta Kanuto artzain txakurraren abenturak telebistan ikusi ahal izango ditugu laster egingo duten telesailean. N.B.

«AITA ZONBIA NAIZ»

Ricardo Ramon zuzendaria Zinemaldian ikusgai izan zen «Aita zonbia naiz» filmaren bigarren zatian ari da lanean, Joan Espinach zuzendari katalanarekin batera.

ERRUSIERAZ

Baleuko ekoizpen etxeak «Olentzero» filmaren zenbait grabazio saldu ditu Errusian. Animaziozko filmak edozein hizkuntzatara erraz molda daitezke.

TRILOGIA

«Herensugeak» saileko aurreko bi filmek arrakasta itzela izan zuten. 60 herrialdetan banatu zituzten kopiak eta egun DVDan eskuratu daitezke, baita Interneten ere.

PELÍCULAS MÍTICAS

«El imperio de los sentidos» (1976) lo consagró como una figura de culto fuera de las fronteras de su país. La cinta, llena de erotismo y escenas de sexo explícito, fue censurada en Japón y en el Festival de Nueva York, pero tras ser presentada en Cannes se convirtió en el título más famoso de toda su carrera.

EN ZINEMALDIA

La retrospectiva de Zinemaldia (20-28 de setiembre) recoge todos sus largometrajes rodados para la gran pantalla y permitirá conocer títulos sin estrenar en el Estado español. Se cerrará con su última cinta, «Taboo» (2000), «una película insólita a la hora de tratar sin tapujos el tema de la homosexualidad en el mundo de los samuráis».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo