June Cresporen erakusketak ireki du Barriek 2013 programa Rekalde aretoan
A. H. | BILBO
June Cresporen «Amatista» erakusketak abiatu du, Bilboko Rekalde aretoan, sormen-prozesuan diharduten artista gazteak aurkezteko aurtengo Barriek programa.
Bizkaiko Aldundiak babestutako egitasmoak XX. mende hasieran Aldundiak berak sorturiko artistentzako beka zein pentsio sistemari jarraipena ematen dio. Jarraitzen du, beraz, sortzaile berrien beharra sustatzen, Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan norbanakoen erakusketak aurkeztuz.
Barriek programari esker, Bizkaian lan egiten duten artisten ikus-entzunezko sorkuntza zein plastikoa bultzatu eta sustatu nahi ditu erakundeak.
Cresporen «Amatista»
June Crespok modu esperimentalean lantzen du irudiaren erreprodukzioa, eta arte grafikoa nahiz eskultura oinarri duten instalazioetan erabiltzen du. Ikuspegi zabaletik heltzen dio eskulturari, eta sortzen dituen objektuak assemblage, collage eta kamerarik gabeko argazkigintzaren ertzean daude (eskanerrak, fotokopiak eta fotogramak).
Object trouvé surrealistaren eta bricoleur estiloaren logikaren artean dago Crespok erabilitako prozedura, eta, horrela, bildutako materialekin egindako «afekziozko-elkartzezko» keinu bat izaten da bere eskulturen eta irudien abiaburua. Elkartze eta antolaera iragankorren poetika bat jartzen du abian, eta une batean onartzen du objektuak elkartzeak edo barreiatzeak eragina edo identifikazioa sorrarazten duela.
Sartuta dauden ekoizpen eta kontsumoko sistematik ateratzen ditu objektuak eta irudiak. Horiek elkartuz, aukerak eta esanahi berriak sortzen ditu.