GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitziber Sarobe Egiguren Biologoa

Demagogia Maria Eugenia Arrizabalagaren hondakinei buruzko diskurtsoan

Arrizabalaga EAJren bozeramailea kexu ageri da Gipuzkoan zabortegiak gainezka daudelako; EAJk arazo hau usteltzen uzteko bere estrategiarekin horretan ardurarik izan ez balu bezala

Urtarrilaren 16an «Berria» egunkarian argitaratutako «Atez ate... irabazi arte?» artikuluaz ari naiz. Artikuluak Iñaki Petxarroman «Berria»-ko kazetariak «Su haietatik ke hauek» izeneko liburuaren harira Euskadi Irratiko «Faktoria» saioan egindako elkarrizketan du jatorria. Ez nuen irrati saioa entzun, eta liburua mesanotxean daukat noiz irakurriko zain, baina hori gutxienekoa da artikuluari dagokionez.

Artikuluaren hasieran dio elkarrizketan bere izena aipatu izana bitxikeria iruditu zitzaiola eta elkarrizketari horregatik jarri ziola arreta. EAJren GBBko bozeramailea eta legebiltzarkidea izanda, Arrizabalagaren azken urteko jardun publikoan etenik gabea izan da Zumaian eta herrialdean bere partiduak diseinatutako PIGRUG planaren eta plan horrek proposatutako errauskailuaren aldeko defentsa. Auzi honetan bere izena kazetari baten ahotan egotea zergatik da bitxikeria?

Ondoren dio: «Petxarromani entzun dizkiodanak ez zaizkit berriak iruditu, Ezker Abertzaleko hainbat bozeramaile eta eragileri entzun edo irakurri dizkiegunen ildotik doazen argudioak besterik ez». Aipatzen dituen argudioak ezker abertzalekoak ez diren gure gizarteko hainbat eragilek defendatzen dituzte (sendagileek, natur taldeek, auzo elkarteek...); beraz, esaldi horren helburua Petxarromanekiko aurreiritziak sortzea baino ez da.

Argudioetan sartuta, Petxarromanen ahotan jartzen ditu neure egiten ditudan arrazoiak: «errausketaren defentsa egiten dutenak egungo `energiaren eta porlanaren interesen menpeko eredu ez-jasangarriarekin' bat datoz, `naturari errespetua diotenen ereduarekin', hau da, deshazkundearekin kontrajarriz». Argudio hauek eztabaidatu beharrean, paso egin eta errauskailua zergatik den aukera ona defendatzen du. EAJk proposatzen duen errauskailuaren aurrean sortu diren beldur eta kezkak saihesten ditu inolako daturik eman gabe, eta argudio nagusi bezala esaten du errauskailu horren alternatiba atez atekoa izateko ezinbestekoa den %80-%90ko birziklapen-tasa lortzea ezinezkoa dela.

Ez gaitezen engaina. Arrizabalagak saihesten duen eztabaidan dago zaborren kudeaketaren gakoa. EAJk diseinatutako PIGRUGen datozen urteotako zaborren pilaketa etengabe biderkatzea aurreikusten da. Hauxe da PNVren eredua: gizartearen aurrerapena ekonomiaren hazkuntzak eragingo du eta horretarako kontsumoa sustatu behar da herritarrek gehiago kontsumitu dezaten; noski, kontsumoaren hazkuntzak, hondakinen pilaketa emendatuko du.

Pentsamendu honek ezinbestean hondakinak modu industrialean suntsitzeko eredua lehenesten du: errauskailu handi bat. Baina hori elikatzeko gure lurraldean ekoizten ez dugun energia behar da, eta zer hoberik balio energetiko handia duen plastikoa baino.... Horregatik ez dute nahi EAJko estrategek bilketa selektiboa behar bezala egitea, plastikotik eratorritako energia behar dutelako errauskailuarentzat. Erreketan energia birbaloratuko dela esaten digute, baina hori horrela izanda ere, errauskailuak handik eta hemendik eskuratzen ditugun milioika tona lehengai xahutuko lituzke, kontrolatu beharreko keak isuriz. Arrizabalagak dioenez, «EAJ alderdia, ez alderdikideak ez alderdizaleak, eta zer esanik ez, ezta boto-emaileak ere, ez dira `interes ekonomikoetara' makurtzen». Beraz, EAJk behin eta berriro bilatzen duen argudio gabeko eztabaida jardun tematia baino ez da?

Jakina da birziklapen-tasa hain handiak lortzeko bilketa selektiboa derrigortu behar dela, besteak beste, EAJren gobernuek hamarkadetan diseinatutako ingurumen-kanpainek ez dutelako gizartea gai honekiko sentsibilizatu. Orain, hainbeste diru xahutu duten arduradun politiko horiek herritarrak behartu nahi honetaz lotsagabe baliatzen ari dira. Zaborrak kontrolik gabe hondakin ontzietara botatzea aurreikusten duen eredua arrazoizkoa eta aurreratua dela dio Arrizabalagak, nahiz eta kasurik onenean aukera horrekin % 60ko birziklapen-tasak lortzea espero den, eta atez atekoarekin %80koak gainditu direla ikusi duen.

Ondoren dio errauskailuaren eredua «zaborren arazoari herri aurreratuenen pareko irtenbidea eskaintzeko diseinatua» dagoela, eta atez atekoak «Gipuzkoako bazterrak plastikotan bildutako zabor garestiz beteko» dituela. Larriena ez da horrelako txatxukeriak idaztea, ondoren hitzez hitz dioena baizik: «Hortik aurrera, bakoitzak bere arrazoi edo sineskeria edo interes politikoen arabera aukeratzen du bata edo bestea (ez dut nik esango aipatu horietaz aparte bestelako `interesik' dutenik Atez Atekoa edo harrobi `egokituak' defendatzen dituztenek)». Horratx! Arrizabalagak hondakinen arrazoizko kudeaketa arduratsuaren alde gaudenok auzi honetan interes ilunak izatearen susmopean jarri gaitu. Informazioaren manipulazioaren adibide bikaina hauxe.

Aurrerago, Arrizabalaga EAJren bozeramailea kexu ageri da Gipuzkoan zabortegiak gainezka daudelako; EAJk arazo hau usteltzen uzteko bere estrategiarekin horretan ardurarik izan ez balu bezala.

Artikuluaren bukaera kalapita hutsa da. «Gipuzkoarron zaborren arazoa ez da konponduko `borroka ideologikoa indartuz', eta ezta ere `eztabaida nagusi honetan birkokatzeko estrategia politiko berria definitzetik', ... Ezker Abertzalearen lehentasunak, `gatazka politiko-armatua' amaitu den honetan»... eta abar luzea idazten du ondoren horretan guztian ardurarik ez duen Petxarromanen elkarrizketara bueltatu eta hondakinen kudeaketaz ezer berririk ez esateko.

Wikipedian horrela definitzen da demagogia: botere politikoa lortzeko estrategia bat da. Jendartearen aurreiritziak, emozioak, beldurra eta itxaropena baliatzea horrela zure alde pertsona gehiago edukiz, gehienetan erretorika eta propagandaren bidez erabiltzen dena. Arrizabalagaren artikulua adibide bikaina da, benetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo