GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hondakinen kudeaketaren gaineko akordioa posible da, herritarren interesak lehenetsita

Hondakinen kudeaketa arazo handia bihurtu da eta, beraz, horri irtenbidea aurkitzeko premia nabarmena da. Irtenbide arrazionala, jakina. Gipuzkoan, arazo horren konponbideari dagokionez, oso jarrera desberdinak daude, elkarren oso aurkakoak, gai horren politizazioa dela eta. Horregatik, zentzuzkoa da EH Bildu koalizioak hondakinen kudeaketa eztabaida politikotik ateratzea proposatu izana. Hartarako prest azaldu zen atzo koalizio subiranista eta konpromiso bera hartzeko eskatu zien alderdi guztiei. Zentzuzkoa da, hondakinen gaineko eztabaidaren ondorioz lortu beharko litzatekeen konponbideak ez bailuke inongo alderdi edo sektore politikorik mesedetu behar, Gipuzkoako gizarte osoa baizik.

Kudeaketa horrek helburu nagusi bat izan behar du, birziklatzea, hain zuzen. Horixe da prozedurarik eraginkorrena eta, Europaren zuzentaraua izateaz gainera, inork ez du ukatzen horren beharra. Eragile guztiek onartzen dute, beraz, helburu hori, eta adostasun hori ez da oinarri makala hondakinen kudeaketaren gaineko eztabaidari ekiteko. Alderdiek eta oro har eragileek helburu hori lortzeko proposamenak aurkeztu eta azaldu behar lituzkete, eta proposamen horien gaineko eztabaidak, jarrera itxiak baztertuta, ingurumenarentzat eta, finean, herritarrentzat onuragarrien diren irtenbideak aurkitu eta adosteko balio beharko luke. Baina argi hitz egin behar da. Ez da onargarria proposamen baten aurkako jarreraren atzean helburu aitorrezinak ezkutatzea. Arbuiagarria da gizarte oso baten arazo bat negozio bihurtzea. Izan ere, akordio zabal batek herritarren interesak lehenetsi beharko lituzke. Horrelako akordioa litzateke negoziorik onena.

Alderantzizko bideari heldu dio Nafarroako Gobernuak Olatzagutian errauste planta eraikitzeko baimena emanda, proiektu horrek duen oposizio handia kontuan izan gabe, inguruko hainbat udalen eta herritarren iritziari eta osasunari muzin eginda, interes ekonomiko pribatuak lehenetsita. Herritarren kalterako jarrera hori egin behar ez denaren eredu baino ez da.

Izan ere, erakundeek ahalik adostasun handiena sustatu behar dute, beti ere herritarren interesak babestea helburu dutela. Horregatik, hondakinen auziari dagokionez ere, interes horiek lehenesten badira, akordioa desiragarria ez ezik, posible ere bada. Bestela, ezinezkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo