GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko gazte dinamika berria abiatuko da Ezpeletako Gazte Egunekin

«Gazte, orain dun/k tenorea» lemapean Gazte Egunak iraganen dira datorren otsailaren 2an Ezpeletan. Ipar Euskal Herriko gazte abertzale eta ezkertiarrak bilduko dituen dinamikaren abiapuntua izango da.

Ainize BUTRON | BAIONA

Ipar Euskal Herriko gazte abertzale eta ezkertiarrak biltzeko eta dinamika berri baten sorrerari abiapuntua emateko, Gazte Egunak eginen dira datorren otsailaren 2an Ezpeletan.

«Gazte orain dun/k tenorea... ça se passe maintenant» lemapean, goizean hasi eta gauera arte iraunen duen ekitaldi horretan, «gazte mugimendu sendo bat sortzeko» lehen haziak finkatzeko asmoa dute gazteek.

Koldo Etxegarai Baionako militante gazteak dinamika berri horren abiatzea bi atal nagusitan banatu dutela jakinarazi zuen. Alde batetik, gazteei doakien arazoak eta beharrak identifikatuko dituzte, eta, bestetik, horiei erantzuteko zer egin dezaketen aztertuko dute. «Bakoitzak iritzia emateko aukera izango du, eta gazte mugimendu sendo bat sortuko dugu. Lehen eztabaida mamitzen hasiko da», nabarmendu zuen.

Horrenbestez, gaur, inoiz baino gehiago, «elkarrekin abiatzeko garai aproposa» dela uste dute ekimenaren bultzatzaileek, eta Gazte Egunentzat aukeraturiko lemak horren adierazle izan nahi du.

Otsailaren 2ko ekitaldia goizeko hamarretan hasiko da eztabaida irekiekin. «Ahal bezainbat gazte ukitu nahi dugu. Bakoitzaren iritziak entzungo ditugu, mugimendu berria denen artean eraikitzeko», zehaztu zuen Etxegaraik. Aurretik ere, mugimendu berri hori sortzeko, herriz herri, dinamika horren nahikeria eta helburuak aurkezten aritu dira azken hilabeteotan. «Mugimendu berria saretu nahi dugu. Eduki guztia, bai politikoa bai arazoei loturikoa, gazteekin eraikitzeko asmoa dugu», argitu zuen, berriz, baionarrak.

Lehen aurkezpen gaualdiak Baiona, Ziburu, Urruña, Azkaine, Itsasu eta Uztaritzen eginak izan dira, eta horiei herriz herri jarraipena emateko asmoa dute. Otsailaren 2ko ekitaldiaren ondotik beste hainbat ekimen antolatuko dituzte.

Iratzarri alderdi politikoa

Bestalde, Bizkaian egoitza duen Iratzarri gazte erakundeak alderdi politikoa sortu du. Bere militantziak hartutako erabakia betez, erregistroarekin, mugimendu politiko eta sozial gisa, bere eraikuntzan «pauso berri bat eman» duela jakinarazi zuen.

«Iratzarrik gazteria aktibo eta protagonistaren aldeko apustuari eusten dio, eskubide sozialak eta bere hiru erabakitze-esparruetan erabakitzeko eskubidea duen Euskal Herri batean», azaldu zuen.

Nolanahi ere, ezkerrekoak eta abertzaleak diren espazio politiko berriak, alternatiboak eta anitzak, sendotzeari eta sortzeari ez diola uko eginen nabarmendu zuen.

700 edo 1.000

Ezpeletako ekitaldian zazpiehun eta mila gazte artean batzea espero dutela jakinarazi zuen Etxegaraik. Azken hilabeteotan antolatuak izan diren aurkezpen gaualdietan, bestalde, 70 lagun elkartu dira.

Kontzertua

Gazte Egunen goizeko eztabaiden ondotik herri bazkaria, tailerrak, ikusgarriak eta jokoak izanen dira, besteak beste. Gauean, berriz, Luz de putas, Betagarri eta Su ta Gar musika taldeen kontzertuak izanen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo