Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena sariak banatu dituzte EHUk eta Euskaltzaindiak
EHUK Bilbon daukan Bizkaia aretoan eginiko ekitaldian banatu zituzten sariak. Bestalde, Aiora Jakaren «Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan» lana aurkeztu zen.
GARA | BILBO
Euskaltzaindiak eta EHUk Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena sariak banatu zituzten Bilboko Bizkaia aretoan, Andres Urrutia euskaltzainburua eta EHUko erretore Iñaki Goirizelaia bertan zirela.
Sariak banatu ez ezik, Aiora Jakaren «Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan» liburua ere aurkeztu zuten. Liburuak Akademiaren Iker bildumako 28. zenbakia darama, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.
Mitxelena sariak
2008an, EHUk eta Euskaltzaindiak Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena saria sortu zuten, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira, eta bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientzia Esperimentalak; Ikasketa Teknikoak; Osasun Zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak.
Arantxa Otegiren «Hedapena informazioaren berreskurapenean: hitzen adiera-desanbiguazioaren eta antzekotasun semantikoaren ekarpenak» lana atera zen garaile Ikasketa Teknikoak arloan. Osasun Zientzietan, Karlos Ibargurenen «Helduen ospitalez kanpoko bihotz-birikietako geldialdien analisia Euskal Autonomia Erkidegoan» aukeratu zuten. Iñaki Lazkanok idatziriko «Bigarren aukeraren auzia eta itxaropenaren izaera etikoa Krzysztof Kieslowskiren azken garaiko zineman» lanak jaso zuen Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak arloko saria. Giza Zientzietakoa, berriz, «Omen partikularen azterketa semantikoa eta praktikoa» tesiaren egile Larraitz Zubeldiarentzat izan zen. Zientzia Esperimentalak arloko saria, azkenik, eman gabe geratu zen.
Euskaltzaindiko idazkari Xabier Kintanak izan zuen sariak emateko ardura. Irabazleek oroigarria, diploma eta 2.000 euro jaso zituzten.
Sari hauen bidez, EHUk eta Euskaltzaindiak euskarazko tesien ekarpen bikoitza goraipatu nahi dute; batetik, jakintzaren arloa zabaltzen laguntzen dutelako, eta bestetik, euskararen normalizazio prozesuan ere guztiz lagungarriak direlako.
Aiora Jakaren lana
Bestalde, Aiora Jakak «Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan» liburua aurkeztu zuen, Euskaltzaindiaren Iker bildumako 28. alea.
Joan den urtean, Jakak defendatu zuen doktorego tesia dugu atzo aurkezturiko liburua. Joseba Sarrionandiaren itzulpen-lanak aztertzea eta itzulpenak haren obran izandako eragina jakitera ematea da tesiaren helburu nagusia. Izan ere, Sarrionandia batez ere idazle gisa ezagutzen den arren, ugariak eta askotarikoak dira hark euskaratutako testuak, eta, itzulpengintzari buruzko lan monografikorik idatzi ez badu ere, maiz plazaratu izan ditu jarduera horri buruzko gogoeta nahiz teorizazioak.
Egindako lanak eta teoriak aztertu eta gero, Sarrionandia itzultzaile postmoderno gisa definitzen du lan honek.