Araban ere egin dute txotx, tokiko sagarren zukuarekin
GARA | ARAMAIO
«Gure sagardoa gure zuhaitzetatik dator. Bizpahiru egunetan arboletatik zuzenean sartzen ditugu sagarrak prentsan», azaldu zion GARAri Iturrieta sagardotegiko Juanjo Peciñak. Horixe du berezitasuna Arabako sagardoak, naturala dela, labelduna eta ekologikoa. Sagardogileek eta ASSE fruitugile eta ekoizleen elkarteak txotx irekiera ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean Aramaioko sagardotegi honetan, gonbidatu berezi batekin: Gose taldea. Trikitia eta sekuentzia elektronikoak ahots goxo batekin uztartzen dituen Arrasateko talde honek zabaldu zituen upelak; oraingoan, txalaparta, bertsoak eta trikitixa nahastuz.
Hiru sagardogilek jarraitzen dute Araban, Trebiñu sagardotegiak, Ozaetako Borobia Sagardoak eta Iturrietak. 40-50.000 litro dituzte, zapore leuneko zuku edateko erraza. «Nahiz eta krisian egon, denok dakigu zer den upel artean ibiltzea. Bertako giroa, alaitasuna... Garai txarrak izan arren, jendea animatuko da», agertu zuen itxaropentsu. Aurrenekoz, autobusak jarriko dituzte Gasteiztik Iturrietara.