61. Zinemaldiko bost irudi nagusiak bigarren kartel lehiaketatik aterako dira
GARA | DONOSTIA
Donostiako Zinemaldiak 61. ediziorako kartel lehiaketa jarri du abian, iaz antolatutakoak izandako arrakastak bultzatuta. Helburua sorkuntza eta partaidetza sustatzea da, baita jaialdiaren hedapena bultzatzea ere.
Lehiaketa irekia izango da, beraz, edozein diseinatzaile grafikok parte har dezake Internet bidez otsailaren 25ra arte. Horren ondoren herritarrek gustukoen dituzten kartelak bozkatuko dituzte finalistak hautatzeko, eta onenenen artean, maiatzaren 10ean, erabakiko du epaimahaiak zeintzuk diren lanik onenak. Parte hartzeko eta oinarrien berri zehaztasunez emateko, Donostiako Zinemaldiak www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa webgunea prestatu du.
Parte hartzaileak bost ataletan banatuko dira: Sail Ofizialerako kartela egiten dutenak (3.000 euroko saria) eta Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi eta Perlak (1.000 euro irabazle bakoitzeko). Azken honek, Perlak delakoak, lehendabiziko aldiz izango du sail propioa Zinemaldian, orain arte Zabaltegiren baitan eskaini baitira bertako filmak.
Horrela, bi sailek aldaketak izango dituzte irailaren 20tik 28ra ospatuko den 61. edizio honetan. Aurrerantzean, Perlak sailak Estatuan estreinatu gabeko urteko film luzerik onenen sorta eskainiko du, baita kritikak txalotutakoak zein nazioarteko beste zinemaldi batzuetan sarituak izan direnak ere. Atal honetan biltzen diren film guztiek izango dute Publikoaren Saria irabazteko aukera. Sari hori Estatu espainolean filma banatzeaz arduratzen den etxearentzat izango da.
Zabaltegi Saila, ordea, urteko zinema-proposamen harrigarri eta erakargarrienei irekitako atal bilakatu da. Bertan ikusi ahal izango diren filmak lehiaz kanpokoak izango dira eta ez diote gai zehatz bati jarraituko.
Zinemaldiko sailak gehituz doaz pixkanaka. Izan ere, iaz Zuzendari Berriak -ordura arte Zabaltegiren barruan zegoena- atal independente gisa aurkeztu zuten.