GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezker abertzalea auzitara eramango du PPk, espetxe politika babestu nahian

Espetxe politika «kriminala» dela berretsi zuen atzo ezker abertzaleak, horren ondorioz hil diren preso eta senideak gogora ekarriz. Aurretik iragarri zuen bezala, epaitegietara joko du PPk horregatik; hitzok «presioa» eta «xantaia» direla argudiatu du Iñaki Oyarzabalek.

GARA | DONOSTIA

Erabiltzen duen espetxe politika «kriminala» dela esateagatik epaitegietara eramango du PPk ezker abertzalea. Bilbon larunbatean eginiko manifestazioak agerian utzi zuenez, Gobernu espainolak euskal presoekiko duen jarrera defendatzea gero eta zailago du, eta ondorioz kereilak aurkezteari ekingo dio.

«Kriminala», goizean Donostian Pernando Barrenak eta Marian Beitialarrangoitiak egindako agerraldian hitz hori erabili zuen berriz ezker abertzaleak. Antonio Basagoitiri zuzenean adierazi zioten: «Zure alderdiak presoen aurka darabilen politika kriminala da, mendeku eta basakeria hutsetik ari zarete. Eta horrexegatik ezker abertzaleak garbi esan nahi dizue bakearen etsaiak zaretela». «Ez da iraina, kritika politikoa baizik», zehaztu zuen gero Pernando Barrenak, sakabanaketak eragin dituen presoen zein senideen hilketak gogora ekarriz.

Hori entzun bezain laster, kereila aurkeztuko dutela iragarri zuen Iñaki Oyarzabal PPko EAEko idazkari nagusiak. Bere hitzetan, ezker abertzalearen hitz horiek «presio» eta «xantaia» hitzak dira. Honekin batera, espetxe politikaren defentsa zorrotza egin zuen Oyarzabalek: «Ezer eman gabe ETArekin bukatzeko politikarik egokiena eta eraginkorrena da. Urratsak egin behar dituztenak beraiek dira, terrorismoaren konplize politikoak. Terroristak eta terroristei txalo egiten dietenak dira kriminal bakarrak».

«Mugiaraziko ditugu»

Ezker abertzalearen agerraldira itzuliz, PPri kritika gogorra egin arren, ziurtasun osoa agertu zuten Barrenak eta Beitialarrangoitiak: «Bakearen etsaiak lubakitik mugiaraziko ditugu», ziurtatu zuten.

Beste ordezkari politiko batzuen adierazpenak ere baloratu zituzten. Iñigo Urkulluri hauxe esan zioten: «Badirudi preso eta iheslariak itzultzea ez duzula helburu, ez dela inolaz ere lehentasuna zuretzat. Hala bada, argi esan ezazu, lehenik zure oinarri sozialak hala dela jakin dezan. Urkullu jauna Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako herritarren lehendakaria da, bai eta arrazoi politikoengatik espetxean diren presoena ere -gogorarazi zioten-; azken hauek guda legedia pairatzen ari diren herritarrak, kartzela politika kriminala sufritzen dutenak, alegia».

Patxi Lopezi dagokionez, euskal presoak «ezker abertzalearen arazoa baino ez dira» adierazi izana deitoratu zuten. «Ez. Presoak konpondu gabeko auzi baten arazo dira, eta bere alderdiak, PSEk, ez du konpontzeko inolako borondaterik erakusten», gaineratu zuten Barrenak eta Beitialarrangoitiak.

«ARMA MODURA»

Ezker abertzalearen esanetan, Madrilgo eta Parisko gobernuek egungo kartzela politika «arma moduan erabiltzen dute» eta «bakearen etsai» bilakatu dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo