GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Biarritzek garaipena lortu beharra dauka Europan jarraitu nahi baldin badu

J.L.

Biarritzek 21.00etatik aurrera jokatuko du Harlequins taldearen aurka Agileran. Lapurtarrek garaipena behar dute multzoko bigarren postua eskuratzeko. Bigarren geratuta Heineken Kopako final-laurdenak jokatzeko aukera handirik emango ez baldin badio ere, European Challengean sartuko litzateke.

Neurketa, ordea, ez da erraza izango; izan ere, Harlequins multzoko lehena da, badakite postu hori segurtatuta dutela, baina final-laurdenak etxean jokatu nahi dituzte. Horretarako irabazi egin behar dute, gero inongo ezusterik ez izateko.

Lapurtarrek ere badakite neurketa nolakoa izango den, baina garaipenak bakarrik balio die gaurkoan. Europako bi lehiaketetatik kanpo geratzea kolpe handia izango litzateke. Heineken kopan jarraitzea badakite ia ezinezkoa dutela, baina iaz ere gauza bera gertatu zen, eta gero European Challenge irabazi zuten. Gaur garaipena lortzeak, gainera, Ligarako ere indar handia emango lieke, hor ere ez baitabiltza nahi bezala.

Final-laurdenetara sei multzoetako txapeldunak eta bigarren geratzen diren bi onenak sailkatzen dira. Biarritz bigarren dago bere multzoan, eta bigarren horietan okerrenetakoa da.

Biarritzek zelairatuko duen hamabostekoa honako hau izango da: Barcella, Hegi, Broster, Dubarry, Taele, Lauret, Lakafia, Harinordoki, Yachvili, Barraque, Brew, Traille, Baby, Ngwenya eta Balshaw. Aulkian, berriz, Genevois, Synaeghel, Van Staeden, E.Lund, Gray, Lesgourgues, Peyrelongue eta Burotu geratuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo