Ariane Kamio Kazetaria
Begi bat itxi, ipurdia kanpora...
Buruan Ertzaintzaren pilotakada bat jasoz gero, ez salaketarik jarri, ez abiarazi ekinbide juridikorik, denbora galtzea besterik ez da izango-eta. Abokatuen zerbitzuetan dirutza joango zaizu, hamaika ate joko dituzu zure arrazoiak azaltzeko, eta entzungo dizute, baina atea berriro itxiko da zure bizkar atzean, kalerako bidea hartu ahala.
Banketxeari hipoteka ezin ordaindu bazabiltza, ez erregutu, kale gorrian ikusiko baituzu zeure burua laster batean. Baina lasai, etxebizitza sozialen bat-edo utziko dizute, zure seme-alabek non lo egin izan dezaten. Eta gaztea bazara, 40 urte baino gutxiago baldin badituzu, eskatu gazte txartela eta esan gurasoei heldu dela etxetik ateratzeko garaia. Ez zeurea, beraiena baizik. Benidormerako txartel pare bat erosi eta ekipajea atarian utziz gero, ez dut uste haserretuko direnik.
Lanik gabe geratzen bazara, ez larritu, munduan zeure egoera berberean baitaude beste 200 milioi lagun. Nola edo hala lortuko duzue egoera horretatik ateratzea. Gutxieneko esperantza bat mantendu behar da agintariengan, horrexegatik eman zenien botoa hauteskundeetan. Horien esku utzi duzu etorkizuna, beraien lanak ondorioak izango dituelakoan. Zein ondorio? Hasi zara dagoeneko batzuk ikusten.
Politikari zenbaitek diru beltzarekin hilean 10.000 euro gehiago jasotzen dituztela irakurtzen baduzu egunkariren batean (edo Twitterren, merkeagoa baita), ez pentsa iruzur egiten ari direnik, guztia gezurra izango da, inork ez baitaki zertaz ari diren komunikabideak. Kazetari gezurtiak, betiko ospea mantentzen dute oraindik ere. Ez dakite zertaz hitz egin eta edozer gauzarekin nahasten dituzte bazterrak.
[Stop] Eta kontrako norabidean egongo bazina? Salaketen atzean fundamentuzko arrazoiak baleude, etxebizitzarako eskubidea izango bazenu, langabezia datuak zenbaki anekdotikoak izango balira eta komunikabideek diotena egia balitz, mundua ederragoa ote litzateke? «Burua gora, hankak okertu, begi bat itxi, ipurdia kanpora... Trikitixa, trikitixa, trikitixa xa xa...» Ez ote gara horrela sentitzera gehiegi ohitu? [@arianekamio]