GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Kaka zaharra zen eta da

Hollandek uste badu lehen ukaldi militarra Armada frantsesarekin eman ondoren, ondorengo okupazio luze, ilun eta garestia CEDEAOko tropekin konpondu ahalko duela, bejondeiola

Duela sei aste, abenduaren 11n-edo, Susan Rice-k, AEBek NBEren aurrean duten enbaxadore eta Obamaren aholkulari nagusienetakoak, esana izan behar du; esapidea argitaratu zenez geroztik sortutako zalapartaren ondoren inork, ezta autoreak ere, ez du ez egiaztatu ez errepikatu, halere. Baina haren harian, oraintxe bertan Hollanderen gobernua Malin egiten ari dena kaka zaharra dela berresango nuke neuk ere. Bueno, Rice andereak ingelesez erabili omen zuen hitza, «crap», euskarazko «kaka zaharra» baino gordinxeagoa da, baina honek ere balio dezakeela iruditzen zait...

Rice andereak hain era adierazkorrean epaitu zuen plana abiarazi egin dela da sei aste hauetako berritasuna, funtsean. Beharbada, aldaketaren batzuk egingo zitzaizkion bien bitartean, ez da hasiera batean aurreikusitako egutegia eta osagarriekin gauzatzen ariko... Baina egin zaizkion aldaketa horiek ere hoberako izan ote diren zalantza handiak ditut. Itxura denez, Ansar Dine erakundeko islamistek gaur hamabost Konna hiria hartu eta, bide batez, Sevareko aireportua menderatzeko zorian ikusteak lasterragotu egin du armada frantsesaren esku hartze zuzena. Ofizialki interbentzioaren protagonista nagusiak izan behar luketen CEDEAOren tropak oraindik prestatzeke daudenean, eta benetako operazioaren apaingarria baino asko gehiago ez direla frogatuz. Etorkizunean ikusiko dira horren guztiaren ondorioak. Nekez izango dira onak.

Okerrena, hala ere, ez da hori. Bolbora usainak eragiten duen mozkorraldia (eta bada horretatik Hollanderen inguruko hedabide eta zirkuluetan, Frantzian nahiz atzerrian) ere iragankorra baita, eta haren ondorengo buruko minarekin batera, errealitate gordinari aurre egin beharko zaio. Eta Maliko kasuan, errealitate horren osagai nagusiak nahiko deabrutuak dira. Potoloena aipatzea aski izango da.

1960an independentzia lortu zuenetik Malin nola edo hala funtzionatu duen gainegitura politikoa egun lur jota dagoela esatea ez da gehiegikeria. Hein batean, Bamakoko erregimenaren inplosio horixe da berez oso indartsuak ez diren gerrilla islamistei aurrerabidea ireki diena. Armada frantsesak ez luke Ansar Dine militarki menderatzeko zailtasun berezirik aurkitu behar (haiek ez dietelako bete-betean aurre egingo, Somalian bezalatsu) baina... «garaipen» hori putza da egitura politiko egonkorrekin jarraipena ematen ez bazaio. Eta horixe da Malirako, eta are gutxiago Azawaderako, aurreikusi ezin dena.

Hollandek uste badu lehen ukaldi militarra Armada frantsesarekin eman ondoren, ondorengo okupazio luze, ilun eta garestia CEDEAOko tropekin konpon- du ahalko duela, bejondeiola. Eskualdeko potentzia nagusia -eta Malin interes biziena duena, seguruenik- den Nigeriaren erantzunak eman behar lioke zer pentsatu. Dakienak, badakielako. Alternatiba, noski, frantziar okupazio zuzen eta luzea litzateke... horrek nahi eta ez dituen kostu ekonomiko, politiko eta diplomatiko ikaragarriekin.

Hamabi urte igaro ondoren, Afganistango nahaspilatik ezertxo ere ez dutela ikasi ematen du. Kaka zaharra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo