GARA > Idatzia > Euskal Herria

Funtzionamendua aztertu arte, EH Bilduko udalek ez dute Eudel finantzatuko

Eudelen funtzionamenduari buruzko eztabaida martxan jartzen ez den bitartean, EH Bilduk gobernatzen dituen udalek ez dute elkarte horren finantzaketan lagunduko, atzo iragarri zutenez. Eudelen zuzendaritzari proposamenak aspaldi egin dizkiotela gaineratu zuten.

p013_f02_148x096.jpg

GARA | DONOSTIA

Eudel udalen elkartearen funtzionamenduaz eztabaida martxan jartzen ez den artean EH Bildu koalizioak gobernatzen dituen udalek ez dute ekarpen ekonomikorik egingo, atzo Donostian Tolosako alkate Ibai Iriartek adierazi zuenez.

«Azken udal hauteskundeen ondoren Eudeleko zuzendaritza berria osatu zenetik, EH Bildun elkartearen helburuaz eta funtzionamenduaz eztabaida sakona zabaltzeko beharra planteatu dugu behin eta berriro. Modu zuzenean eta ez zuzenean, era pribatuan eta publikoan, proposamen zehatzekin, udalen elkartearekiko zein gaurko zuzendaritza hautatu zutenekiko interpelazio iraunkorra mantendu dugu», azaldu zuen Iriartek.

Azken saiakera abenduan egin zuten Eudeleko presidente Ibone Bengoetxearekin funtzionamendua hizpide izan zuten bilera batean. «Gure asmo nagusia elkartean ordezkatuta dauden sentsibilitate politiko desberdinen arteko oinarrizko adostasuna lortzea litzateke, Eudel beste norabide batean jartzeko eta eredu desberdinek bertan tokia izan dezaten», gaineratu zuen Tolosako alkateak.

EH Bilduren proposamenak ardatz hauek zituen: Euskal Herria eta lurraldetasuna aintzat hartuta, beste herrialdeekin eta herriekin harremanak gauzatzea eta sakontzea; udalen autonomiaren defentsa, Madrildik lege berriaren bidez egingo diren erasoen aurrean; eskumenak eta finantziazioaren inguruko oinarriak eta konpromisoak hartzea; politika orokorreko gaien lanketa eta kudeaketa adostea; lan teknikoei dagokienez, helburuak, koordinazioa eta baliabideen kudeaketa bideratzea; euskara alorrean barnera eta kanpora begirako erabilera plana egitea; eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzea.

Ortuzar: «Inposizioa»

«Bilduk heldu eta berehala bere irizpideak inposatu nahi izana onartezina da», erantzun zuen EAJko presidente Andoni Ortuzarrek.

Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean adierazi zuenez, «bitxia da Bilduren jarrera, hasiera-hasieratik Eudel boikotatu baitute, erakundea zuzentzeko organoetan parte hartzeari uko eginez». «Bilduk udalen zati handi bat du, baina ez gehiengoa. Eta ezin dizkie bere irizpideak beste alkate eta zinegotziei inposatu», esan zuen.

gorrarena

Azken hamasei hilabeteotan Eudelen zuzendaritzarengana jo dutenetan honek gorrarena egin duela eta ez dutela inolako erantzunik jaso esan zuen Tolosako alkate Ibai Iriartek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo