«Bizirik irauteko idazten zuen euskaraz Jon Mirandek»
Idazlea eta Euskaltzain osoa
1932an Parisen sortua, Txomin Peillen Baiona eta Santa Grazi artean bizi da gaur egun. Biologia irakaslea izana, gero euskara irakaslea, eta egun katedradun emeritua da. Hamaika ikerketa lan egin ditu etnografiaz eta hizkuntzalaritzaz, eta ipuin eta eleberri liburuak argitaratuak ere baditu.
Ainize BUTRON | BAIONA
Hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuen Txomin Peillenek Jon Mirande idazle zuberotarra, eta haren heriotzaren 40. urteurrena kari, «Jon Mirande olerkaria» liburua kaleratu du. Euskaltzaindiak argitaratua, euskarazko eta frantsesezko testuak biltzen dituen liburuak 1925ean Parisen sortu eta 1972an hiri berean zendu zen Miranderen obra poetikoa, senideek idatzitako testua eta Miranderen poesiaren azterketa kritikoa biltzen ditu.
Duela berrogei urte bere buruaz beste eginda zendu zen Mirande.
Bere lehen poema 1947an idatzi zuen; suizidioaren aldeko soneto bat zen. 22 urterekin maniako depresiboa zen, eta, 1947ko soneto horren ondotik, beste bi saiakera idatzi zituen bere burua hiltzeko eta, azkenean, kausitu zuen.
Bizitza tragikoa izan zuen Mirandek, ezta?
Bai. Hiru arrazoi izan zituen bizitzeko: aita, ama eta euskaraz idaztea. Etxekoak hil zirenean edaten hasi zen itsuski. Horretara bultzatzen zuten nazi lagun txar batzuek. Horietariko bat eruditu handia zen eta Mirandek miresten zuen. Bere biziaren bukaeran, Louise izeneko gaztetako maite bat topatu zuen berriz ere, eta horrek ere ez zion lagundu, edanarazi egiten baitzion. Behin psikiatrak galdetu zion Miranderi: «Zer gustukoa duzu?, eta erantzun zion: «Idatzi nahi nuke eta ezin dut; beraz, ez du balio bizitzeak». Mirandek bizirik irauteko idazten zuen euskaraz. Henry de Montherlant idazlea miresten zuen. Miranderen antzeko bukaera izan zuen, itsutzen ari zela bere buruaz beste egin zuen. Azken denboretan Mirande ohartu zen ez zela gehiago sendatuko.
Mirande hurbiletik ezagutu zenuen. Zein xedek bultzatuta idatzi duzu liburua?
Arrazoi anitzentzat idatzi dut. Alde batetik, bere idatziak beste hizkuntzetan itzuliak izatea nahi nuen, eta jendeek jakin dezaten Miranderekin modernismoa sortu zela euskal literaturan. Garai horretan euskal literaturak katixima eta antzerkia aipatzen zuen. Herritarren mespretxuz, bertutez beteriko laborarien eredua goraipatzen zuen, hots, kostunbrismoa. Liburua kaleratu dut ere Mirande ongi ezagutu zuten bi adixkide minak, Andima Ibinagabeitia eta Yon Etxaide, hil direlako. Bestalde, Pablo Jose Aristorenak Miranderen ilobak eta arreba atzeman ditu. Ez genekien nor ziren. Liburuan, Mirande familiaren bizitzaz eta osabaz zeukaten irudia idatzi dute.
Gerla garaian, naziengandik hurbil zegoen Mirande. Zerk erakarri zuen ideia horietara?
Filosofia irakasle bat izan zuen 43an. Hark aipatu zizkion Friedrich Nietzsche eta Oswald Spengler filosofoek Europaren dekadentziari buruz zeuzkaten ideiak. Mirandek dekadentzia kapitalismoan ikusten zuen. Ez zen komunista izan, ez baitzen materialista. Espiritualista zen, eta, antikristaua. «Ene sinestea» liburuan agertzen da hori. Ariman sinesten zuen, eta horretan ez genuen elkar aditzen. Ni ateoa naizelako eta Hitler kritikatu nuelako hotzaldi bat izan genuen. Lau urteren buruan gutun bat idatzi zidan, eta bertan erran zidan: «Badakit ez zarela ez faxista, ez eta nazia, baina, esperantza dut ez zarela demokrata urde bat».
Zer nolako harremana izan zenuen berarekin?
Harekin museoetan ibili ginen eta margolanak deskubriarazi nizkion, eta berak niri musika. Pentsamendu libreko gizona zen. Harremanak ez ziren errazak berekin. Gizon adeitsua zen eta buruz buru ez zen sekulan haserretzen, baina gutunez bai.
Ipar Euskal Herrian, bereziki, aurkari asko izan ditu.
Bai. Etsai handienak Lafitte eta Jean Chabagno misolaria zituen. Euskal literatura, garai horretan katixima zen, eta Miranderen lana amorala zen. Hego Euskal Herrian hiritar mundu bat zelako ezagupena bazuen, baina Iparraldea apez mundua zen. Poema erotikoak bazituen, masturbazioaren alde zen, lesbianak miresten eta puten bizitza deitoratzen zuen, eta homosexualen amodio nekezak aipatzen zituen ere bere lanetan. Mirande bizio guztien eramaile balitz bezala ematen zuten, eta zentsuratu zuten. 52an, poema guztiak argitaratu nahi izan zituen, eta, horretarako Radio Euzkadin mintzatu zen. Bere poemak erotikoak izango zirela esan zuen, eta, irakurri gabe, apezak aurka jarri ziren erotismoa eta pornografia zaku berean sartuz. Goizegi heldu zen, eta, denbora berean, Arestik erran zuen ez zuela sekulan euskaraz idatziko Mirande irakurri ez balu.
Behin aipatu zenuen Miranderi antikristautza bere zuberotar jatorrietatik zetorkiola...
XVI. mendea geroztik heterodoxoak dira Zuberoan. Zuberotarrak ausartak dira. Maskaradarekin ikusten da, badute kritikarako ohidura. Nafarroa Beherean badira Toberak ere, baina, ez dira hain ausartak. Herri kantuek eta Zuberoako sataneriek izan dute eragina Miranderen obran. A.B.
«Mirandek dekadentzia kapitalismoan ikusten zuen. Ez zen komunista izan, ez baitzen materialista, espiritualista zen, eta, antikristaua»
«Hiru arrazoi izan zituen Mirandek bizitzeko: aita, ama eta euskaraz idaztea. Etxekoak hil zirenean edaten hasi zen itsuki»