GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estatu frantsesak hizkuntza gutxituekin duen jarrera gogor salatu dute Genevan

NBEko Giza Eskubideen Batzordean egiten ari diren aldizkako berrikuspen saioan kritika gogorrak egin dizkiote Estatu frantsesari, hizkuntza gutxituei buruz egindako gomendioei muzin egiten dielako.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Berriro ere, Estatu frantsesaren jokamoldea hizpide izan dute Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordean, eta berriro ere, kritika gogorrak egin dizkiote nazioarteko hitzarmenak betetzen ez dituelako.

Aldizkako berrikuspen saioak egiten ari dira egunotan Genevan, eta besteren artean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak parte hartzen du. Berarekin batera daude Tangi Louarne eta Alexis Quentin, ELEN Europako hizkuntzen berdintasunerako sareko bi zuzendarikide.

2008an azken ebaluazioa egin zenean gomendio zehatzak egin zizkioten Parisi. Alta, azken hamar urteotan NBEko hainbat batzordetatik egin dizkiotenak bezala, «bat bera ere» ez duela aintzat hartu salatu dute, haserre, ELENeko kideek.

Paul Bilbaok gauza bera egiaztatu ostean, bat egin du haserre horrekin: «Nola ulertzen du Frantziako Gobernuak demokrazia? Zertarako berresten ditu giza eskubideen aldeko itunak, horiek betetzen ez dituenean egiten zaizkion gomendioak kontuan hartzen ez baditu?».

ELENeko kideak gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkari eta hainbat aditu zuzenean informatzen ari dira Estatu frantsesaren jarrerari buruz. «Berdintasunaren -égalité- izenean» egin ohi dituen «irakurketa zurrunak herritarren arteko bereizkeriak eragiten ditu, eta bada garaia eskubide kolektiboak aitortzeko», ohartarazi du Kontseiluko idazkari nagusiak. Guztiek dei egin diote Hollande presidenteari hauteskunde garaian hartutako engaiamenduak lehenbailehen bete ditzan, «baldin eta herritarren arteko benetako berdintasuna lortzea bada bere asmoa» bederen.

Mozioa Pauen

Bestalde, Forces64 taldearen izenean Jean-Jacques Lasserre kontseilariak mozio bat aurkeztu zuen joan den ostiralean Paueko Kontseilu Nagusian, gobernua prestatzen ari den Hezkuntzaren lege berrian hizkuntza gutxituak espresuki «integratuak» izan daitezela eskatuz.

Izan ere, aurreproiektuan aipamen txikienik ere ez egitea Pirinio Atlantikoetako departamendurako «onartezina» dela dio mozioak, «euskarak eta bearnesak bertako kulturan duten leku garrantzitsua, eta bai ikastoletan bai calandreta-tan (eskola bearnesen sarea), gero eta ikasle gehiago daudela kontuan hartuta, batez ere.

Estatuak hizkuntzon gaia baztertzeak «ondorio dramatikoak» izan ditzakeela adierazten du mozioak, «funtsa aski» ez izanagatik ikasketa horiek bermatzeko betebeharrik ez legokeela uler daitekeelako.

Mozioa aho batez onartu zuten kontseilari nagusiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo