Biarritzek Amlin Challengea jokatuko du
Jon LEUNDA
Biarritzek European Amlin Challengea jokatuko du, Heineken Kopako azken jardunaldiko emaitzek mesede handia egin baitiote. Lapurtarrek ez zuten lortu ostiralean Europako lehiaketarik garrantzitsuenean aurrera egitea, eta txikian sartzea ere zaila zirudien arren, miraria gertatu da, eta orain European Amlin challengean sartuko da, final-laurdenetan.
Iaz ere gauza bera gertatu zen, eta gero zuri-gorriek txapela jantzi zuten. Gainera, oso ongi etorri zitzaien, Ligan ez baitzuten lortu Heineken Kopa jokatzeko txartelik, eta hau irabazita lortu zuten. Izan ere, hori izango da lehiaketa hau irabazteak duen sarietako bat, datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela lortzea, nahiz eta zuri-gorriek helburu hori duten Top 14an ere.
Biarritzek final-laurdenak jokatuko ditu, baina kanpoan jokatu beharko ditu, Gloucesterren zelaian, apirilaren 5, 6 eta 7ko asteburuan. Hortxe erabakiko da edo jakingo da zuri-gorriek finalerdiak jokatzeko modua izango duten edo ez. Lortzen baldin badute, Perpinyak eta Stade Toulosainek jokatuko duten kanporaketako irabazlearen aurka jokatu beharko dute apirilaren 26, 27 eta 28ko asteburuan.
Finalera iritsiko balitz, berriz, maiatzaren 17an jokatu beharko luke Aviva Stadiumen, Dublinen. Hantxe izatea da orain zuri-gorrien helburuetako bat, nahiz eta lehenengo helburua Ligak izaten jarraituko duen.
Biarritz zalantzaz beteriko denboraldia egiten ari da. Ligan ongi sailkatuta dago, baina partida onak txarrekin tartekatuz ari da, eta zaleei oso segurtasun edo konfiantza gutxi ematen die. Europako lehiaketarik garrantzitsuenetik kanpo dago, eta orain entrenatzaile aldaketarekin gauzak aldatzeko itxaropena dago taldean. Amlin Challengean ere badute orain zer egina, lapurtarrak baitira egungo txapeldunak eta horri eutsi nahiko diote.