GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako txapelketa

Eibarko «katedralak» behar eta merezi zuen hauspoa

Txapelketa izaten ari den arrakastak garai bateko sarrera onak itzuli ditu Isasi kaleko pilotalekura.

p044_f01.jpg

Jon ORMAZABAL

Bere etxea izanagatik edo pilotaleku industrialetan historiarik handiena duena izanagatik, Eibarko Astelena frontoia, «pilotaren katedral» ezaguna, arazo handi bihurtuta zegoen Asperentzat. Pilotalekua goraino betetzen zeneko garaiak iraganekoak ziruditen eta horrenbeste pilotakada eta partida bikain ikusitako harmailek oso itxura tristea erakutsi dute igande ugaritan. Arazoaz jabetuta, gastronomia eta pilota uztartzen zituen ekimen bat jarri zuten martxan, baina ez zuen espero zen arrakasta izan. Halere, zorionez, urte berriarekin eta txapelketa berriarekin batera, Binakakoak behar eta merezi zuen hauspoa eman dio Isasi kaleko pilotalekuari.

Txapelketa honetan, bost jardunalditan sei partida jokatu dira Astelenan eta pilotazaleen lorpena bikaina izan da, baita Gabonetatik aurrera ere, 800dik gora zale bertaratu baita horietako bakoitzean. Ezin zuen bestela izan eta Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak oso balorazio positiboa egin du urte hasiera honetaz. «Kontuan hartuta Eibarrek duen historia, egia da azken urtean agian ez genituela partidarik egokienak eraman pilotaleku horretara. Beste pilotalekuekin konplitu behar izan genuen eta aurten, nire ustez, gehiago zaindu dugu gai hori. Partida onak irten dira, txapelketak berak jendea erakarri du eta oso pozik gaude», azaldu zion GARAri.

Autokritika ariketa osasuntsu horren atzetik, Berako pilotari ohiak Binakakoak jendearen artean sortzen duen erakarpenean jarri du aldaketaren gakoa. «Zerikusi handia du txapelketak berak. Binakakoa ederki hasi da, nahiz eta orain lesio garrantzitsu bat izan den -Xalarena-, baina ondo hasi da eta jendea `engantxatu' egin da, ez Eibarren bakarrik. Orokorrean jende asko dabil pilotalekuan eta gaur egunean hori oso handia da guretzat. Momentuz oso pozik gaude txapelketa orokorrean hartuta».

Lehiakortasuna

Eguraldiak bere garrantzia izan dezakeen arren, udan zailagoa da jendea pilotalekuetara eramatea. Binakako partidetan orokorrean izaten den lehiak erakartzen du gehien pilotazalea, Buruz Buruko txapelketarekin konparatzen badugu. Horretan, enpresek euren lana ondo egin dutelakoan dago Iñaxio Errandonea, iazko txapelketan zenbait kritika jaso ondoren.

«Joan den urtean enpresa bakoitzak bikote oso indartsu bat jarri zuen, baina ondoren logika horrek ez zuen funtzionatu. Bikote horiek ez ziren finalera iritsi; bat ez zen finalerdietarako ere sailkatu. Faborito izate horiek pilotalekuan erakutsi behar dira. Aurten berriz, paperaren gainean, oso txapelketa berdindua antolatu dugu eta oraingoz horrela irteten ari da. Jendea gustura dago. Partida oso onak irten dira gainera. Partida on asko ikusi dugu orain arte eta jendea `engantxatu' egin da», adierazi zuen Aspekoak.

Nolanahi ere, Eibarkoaz gain, izan da beste ezusteko gozorik aurtengo Binakakoan. Ahaztua zegoen Donostiako Atano III.a pilotalekuan ere sekulako arrakasta lortu baitute, Gipuzkoako Federakuntzarekin eta Donostiako Udalarekin elkarlanean. Urtarrilaren 4an gauez jokatutako partidan jendea frontoira sartu ezinda geratu zen eta, Inaxio Errandonearen hitzetan, emaitza bikain hori Federazioko kide berriek izan duten lanerako eta gauza berriak probatzeko grinari eta elkarlanean aritzeko borondateari esker lortu ahal izan da.

1.500 ikusle Donibane Garazin

Besteren artean, Xala eta Gonzalez pilotarien agerpenarekin, Aspek eta Asegarcek merkatu berri bat lortu dute Ipar Euskal Herrian. Urrutira joan gabe, azken urteetako ohiturari jarraituz, ostiral honetan Hendaian jokatuko da partida bat eta Donibane Lohizunen ere izango da Binakako Txapelketako partidarik hemendik gutxira.

Aurten, ostera, beste jauzi bat emango dute EPELeko enpresek, historian lehen aldiz, Nafarroa Beherean ere izango baita txapelketako partidarik. Otsailaren 22an, ostiralarekin, izango da Donibane Garazi hiriburuan eta hemen ere arrakasta ziurtatuta dago. Jaialdiak sekulako ikusmina sortu du bertan eta dagoeneko, partida jokatu baino hilabete lehenago, salgai jarritako 1.500 sarrerak agortuak dira.

Hendaiako kasuan, aldiz, badirudi Xalak aste honetan bertan izandako lesioak giroa apur bat hoztu duela, Lekuinekoak ezingo baitu bere zaleen aurrean jokatu. Errandoneak, ordea, horiei gogorarazi die «ostiralean Jaunarena eta Barriola animatzea, Xala animatzea ere badela». J.O.

Sarrera onak

Binakako Txapelketa honetan sei jardunaldi jokatu dira Eibarko Astelenan, azken biak Gabonetako egun berezietatik aparte, eta guztietan ere sarrera onak izan dira pilotaren katedralean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo