GARA > Idatzia > Kultura

Krisi «orokor zein norberarenak» hartuko dituzte ahotan Bertso Egunean

Garai latzak anitzak dira eta askotan hitz bakar batean biltzen ditugu denak: krisia. Gizartearen arazo orokorrak zein norberarenak hizpide izango dituzte larunbatean Donostian izango den Bertso Egunean, bi ordu iraungo duen ekitaldian. Konponbideak bilatzen saiatuko dira saio nagusian parte hartuko duten hamabi bertsolariak eta gonbidatuak. Musikak eta antzerkiak ere presentzia izango dute 44 urte betetzen dituen jai honetan, eguerdian hasi eta gauera arte.

p046_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Aurtengo Bertso Eguneko parte hartzaileek jarraitu beharreko gaia krisia izango da. Donostian ospatuko da jaialdia, larunbatean, eta Juan Karlos Izagirre alkateak eta Bertsozale Elkarteko Jon Agirresarobek atzo aurkeztu zituzten egitarauaren nondik norakoak, eta gaiaz gain, egunean zehar kantatuko duten bertsolarien zerrenda ere iragarri zuten.

Izagirrek aipatu zuen Donostian oso errotuta dagoela aurten 44. edizioa duen Bertso Eguna, eta bertsozaleek asko estimatzen dutela. Hasiera batean Bertsolarien Eguna bazen ere, 1995. urtetik hona egungo planteamenduari jarraitzen dio.

Hala, eguerdian, 12.00etan, kale-bertsoak izango dira. Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto, Manex Agirre, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Odei Barroso ibiliko dira Bulebarrean, Bretxan eta Konstituzioko plazan bertsotan. Azken horretan, gainera, Haatik dantza taldeak arratsaldean Kursaalen eskainiko duen ikuskizunaren aurrerapen bat ikusi ahal izango dugu.

18.00etatik aurrera saio nagusia hasiko da. Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Ramuntxo Christy, Jon Maia, Ander Solozabal, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Jone Uria, Andoni Egaña, Eneko Lazkoz eta Uxue Alberdi izango dira kantatuko duten hamabi bertsolariak. Jarraitu beharreko gai nagusia krisia bada ere, ikuspuntu desberdinak proposatuko zaizkie. «Gizakiak bizitzan zehar aurre egin beharreko krisiak izango ditu ardatz -azaldu zuen Agirresarobek-, orokorrak zein norberarenak». Hala, krisi ekonomikoa dela-eta pairatzen ari garen krisi anitzak zein krisi sentimentalak edo osasunekoak jorratuko dituzte.

Izan ere, Bertso Eguna iragartzen duen kartelean ageri den soka tenkatzen jarraitu edo korapilo berriak egin beharko dituzte, jakina baita zalantza egoeran areagotzen direla sormena, irudimena eta lanerako grina, alkatearen esanetan.

Gonbidatu ugari

Gidoiaren prestakuntzan parte hartutako bertsolari eta gai-jartzaileen gaztetasuna azpimarratu zuen Agirresarobek. Ariketa batean Eneko Dorronsoro zinemagilearen laguntza izango dute, gonbidatuen artean. Berak ariketa bat egiteko gaia emango du, egiten ari den «Xalbador artzainaren mintzoa» dokumentalerako bildutako dokumentazioaren bidez.

Dorronsoroz gain, esan bezala, Haatik dantza taldea arituko da «Errimak Oinetan» ikuskizunaren parte bat eskaintzen. Xabier Lizaso pianistak eta Andoni Egaña bertsolariak ere elkarrekin egiten duten «Bi arreba» ikuskizunaren zati bat eskainiko dute. Ekitaldi nagusiak iraungo duen bi orduetan Ander Lipusen ikasleek osaturiko Markinako Abarka antzerki taldeak ere parte hartuko du.

Gauean, afaltzeko txartela eskuratu dutenek (jada agortuta daude) Kursaaleko NiNeu jatetxean afalduko dute bat-bateko bertso saioaz lagundurik. Bertso afaria 21.00etan hasiko da, eta bertan parte hartuko duten bertsolarien izenik ez dute iragarri nahi izan, sorpresa izan dadin. Eguna borobiltzeko, Maddalen Arzallus eta Maialen Velarde bertsolariek osatutako Karma taldeak erromeria egingo du. «Bertsolariek bertsolaritzaz aparte dituzten proiektuak gustatzen zaizkigu», onartu zuen Agirresarobek.

Afarirako sarrerarik gelditzen ez bada ere, Kursaaleko ekitaldira joateko sarrerak salgai daude oraindik (500 besterik ez). www.bertsosarrerak.eu atariaren edota 943 69 41 29 telefonoaren bidez erosteko aukera dago.

Nolanahi ere, Donostiako saiora bertaratzerik izan ez duenak larunbatean bertan ikusi ahal izango du ETB1en, 22.30etik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo