GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Ez du balio...?

Ez zieten botoa emateko aukera ukatu; inork ez zuen haien alderdiak legez kanpo ezartzeko bozketa proposatu, Katalunia subjektu politiko eta juridiko burujabe gisa aitortzekoa baizik, eta PPk eta Ciutadansek bozketan parte hartu zuten, legez kontrakoa bazen ere. Baina bozketaren emaitza beren gustukoa izan ez zenez, ez zitzaien nahikoa demokratikoa begitandu. Hunkigarria irudia, Kataluniako Parlamentuko eskaileretan behera tximistaren pare, Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPko presidentea muturtuta, kasketadun umeen antzera, eta haren atzetik, bere alderdiko eta Ciutadanseko parlamentariak aretotik alde egiten. Ez du balio!, adierazten zuen haien aurpegierak.

Ez omen du balio men egin ez ziotelako Konstituzio espainiarrari, Gobernu espainiar guztiek urratu izan eta urratzen duten lege nagusi horri, alegia: «Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultura ondarea da eta ondare horrek begirune eta babes bereziak izango ditu» (3. artikulua); «Era baketsuan eta armarik gabe biltzeko eskubidea onartzen da. Eskubide horren erabilerak ez du aldez aurreko baimenik behar» (21. artikulua); «Espainiar guztiek lan egiteko betebeharra eta eskubidea dituzte, baita lanbide edo ofizioa askatasunez aukeratzeko eskubidea, lanaren bitartez mailaz igotzekoa, eta norberaren eta norbere familiaren beharrei aurre egiteko behar besteko ordainsaria izatekoa ere, inoiz sexu-arrazoiak direla kausa bereizkeriarik egin gabe» (35. artikulua)... Adibide bakan batzuk baino ez dira.

Hainbestetan entzun dugun leloa, «euskaldunok, katalanok... geure buruari eman dizkiogun askatasunak», Konstituzioaz eta haren mendeko legeez ari zen, menpekotasun egoeran ezarritako legeez, alegia. Baina benetako erabaki askea, inorekiko harremanak izateko zein ez izateko, burujabetza egoeran hartutakoa baino ez da. Orain bai, katalanak beren buruari eman nahi dizkioten libertateak eskuratzeko prozesuan dira, espainiarrek -espainiarren askatasunak eman eta urratzea erabakitzen dutenek- eman nahi dizkietenei uko eginda. Europatik kanpo geldituko omen dira (Ingalaterra bezala?). Berdin dio, Ozeaniara, Ameriketara edo Ipar polora bidaliko diegu geure zorion mezua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo