Mikel Ikatzategi Gipuzkoa Zero Zabor
Atez Ateko Bilketaren kontrako sinaduren inguruan
Herritarrak ondo informatzea da gure erronka. Hori lortzen badugu, zalantzarik ez daukagu herritarrek AABren alde egingo dutela
Atez Ateko Bilketaren (AAB) aurkako plataformek egindako sinadura bilketan 70.000 sinadura bildu dituztela diote. Gipuzkoa Zero Zaborreko (GZZ) kideok sinadura horien inguruan egiten dugun hausnarketa artikulu honen bidez plazaratu nahi dugu. Plataforma hauen sorrera eta sinadura biltze kanpaina hauen bultza- tzaileen asmoez haratago, sinadura horien esanahiaz gogoeta egitea da gure asmoa.
Hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen eztabaida, kudeaketa orokorrari buruzkoa da berez. Gaur egungo eredu suntsi- tzaile eta xahutzailearekin, baliabideak mugarik gabe gain-ustiatzen eta zaborra barra-barra sortzen segitzea ala, Zero Zabor ereduak dioenaren arabera, materialen erabilpena arrazionalizatu, produktuen bizitza luzatu eta hondatutakoan materialak berreskuratzea, horra hor erabaki beharrekoa. Sistema orokorra nolakoa izan, bilketak eta tratamenduak halakoak izan beharko dute, denek elkar baldintzatzen baitute.
Tratamenduan adostasuna da nagusi Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz, bilketa sistemaren inguruan izan ditzakegun ezberdintasunak albo batera utzita, ia denok diogu tratamendu bezala birziklatzearen alde egiten dugula, AABren aurkako sinatzaileak barne, sinatutako adierazpenean oso garbi adierazten baitute hori. Birziklapena eta errausketa bateraezinak diren bi tratamendu dira. Material bat birziklatu ala erraustu egiten da, baina sekula ez biak batera. Gipuzkoarrok birziklapenaren alde egiteak, beste behin ere errausketa baztertzearen alde gaudela adierazten du. Hori, azpimarratu beharra dago, garrantzi handikoa baita. Errausketa bultzatzen dutenek eta Gipuzkoako arduradun politikoek kontutan izan beharko lukete.
Bilketari dagokionez, AABren aurka sinatu duten testua garbia da oso: Atez Ate EZ. Hori ezin da ukatu. Baina, hori esatean zeri ari zaizkio benetan ezetz esaten sinatzaile gehienak? Zer da hedabide «handiek» eta zenbait alderdik zabaldutako panfletoek herritarrei AABren inguruan kontatu dietena? Sinatzaile gehienentzat AAB sistema garesti, zikin, deseroso eta itsusia da. Horrela kontatu diete eta horrelakotzat daukate. Atez Ate EZ esatean ezaugarri horiek izango dituen bilketa sistema baten aurka daudela adierazten dute. GZZeko kideok ere sinatuko genuke ezaugarri horiek dauzkan bilketa sistema bati ezezkoa emateko adierazpen bat. Ulertzen eta errespe- tatzen dugu sinatzaileen jarrera.
AAB gertutik ezagutzen dugunok, ordea, ondotxo dakigu sistema hau oso bestelakoa dela. Sistema eraginkorra izateaz aparte, AAB sistema eroso, garbi eta txukuna dela, eta gainera, ez dela kaleko edukiontzien sistema baino garestiagoa. Herritarrak ondo informatzea da gure erronka. Hori lortzen badugu, zalantzarik ez daukagu herritarrek AABren alde egingo dutela.
Horrela gertatu da beste lekuetan eta horrela gertatuko da jartzera doazen herrietan ere.
Ez gara gu hori dakigun bakarrak. Errausketaren bultzatzaileek ere ondo baino hobeto dakite hori. Horregatik saiatzen dira han eta hemen jendea ez dadin parte-hartze prozesuetako batzarretara eta hitzaldietara joan, ez joateko kontsignak zabalduz eta batzarrak burutzen diren aretoen kanpoaldean elkarretaratzeak deituz, herritarrak joan ez daitezen presio egin nahian.
Gipuzkoarrak hondakinen kudeaketa egokiaren inguruan batzen gaituzten gauzak asko dira. Adostasunik ez daukagun puntuekin liskarra eta blokeoa eragin beharrean, guztion artean eztabaidatu, proposamenak egin eta irtenbiderik onenak bilatu behar ditugu, beti ere emaitzak bermatuz.
Gipuzkoarrak hondakinak biltzeko sistema eraginkor, eroso, garbi, merke eta txukun baten alde gaude. Eredu jasangarrien alde egiten dugu; hau da, Zero Zabor ereduaren alde. Osasu- nagatik, ingurumenagatik eta ekonomiagatik. Badakigu posible dela. Zergatik ez saiatu?