GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskara jolas hizkuntza gisa ere sumatu beharra

Zergatik jotzen dute hamalau urte arteko ikasleek aisialdian gaztelaniara, gero eta gehiago? Erantzuna ez du faktore bakar batek azaltzen, eta ez da sinplea, nonbait, baina egunero ikus daitekeen egoera da. Lakuako Hezkuntza Sailak eta Soziolinguistika Klusterrak Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearekin elkarlanean egindako ikerlanak ez du konponbiderik eskaintzen, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoako LMH4ko eta DBH2ko ikasleek euskara non eta zenbat erabiltzen duten aztertuta, datu esanguratsuak ematen ditu. Ikasle horiek urteetan gero eta ohitura handiagoa dute jolaslekuan gaztelaniara jotzeko. Etxeko ohiturak ez ezik, oro har kalekoak ere ba bide du zerikusia. Nahikoa da taldeko baten batek gaztelaniara jotzea gainerakoek ere gauza bera egiteko. Inguru erdalduna nagusi delako kasu batzuetan, baina etxeko giroa euskalduna izanda ere, lagun taldean erdararako joera nagusituz doa. Badago, halaber, euskararen eta eskolaren arteko halako identifikazioa, euskara ikasgelako hizkuntza gisa sumarazten duena, eta gaztelania, berriz, lagun arteko gisa, erosoagoa. Arazo hori konponbidean jartzeko eskolaren lana garrantzitsua da, jakina, baina baita hedabideena, kultur munduarena eta gizarteko arlo guztien elkarlana ere: gurasoetatik administrazioraino. Ikasle horiei hizkuntza erakargarri eta erosoa eskaini behar zaie, ikasteko ez ezik, dibertitzeko ere. Noranahikoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo