GARA > Idatzia > Euskal Herria

Añorga Txikin abiatu du «auzo- konposta» Donostiako Udalak

Añorga-Txikin auzo konposta egingo dute gaurtik aurrera, eta datozen hilabeteetan beste hainbeste egingo dute Aieten, Igeldon, Antiguan eta Zubietan. Orotara, 177 familiak hartuko dute parte «Hiri hondakinak, joko garbia» kanpainan. Hondakinak balioa direla adierazita, Donostiako Udalak prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena bultzatuko ditu.

GARA | DONOSTIA

Hondakinak ez dira zaborra soilik. Hori baino gehiago dira, hain justu, balioa izan dezaketen elementuak edo lehengaiak dira. Ideia horretatik abiatuta, hori oinarri hartuta, Donostiako Udalak «Hiri hondakinak, joko garbia» kanpaina abiaraziko du gaur. Hondakinak kudeatzea eta ingurumen garbia izatea erakundeen, alderdien eta herritarren erantzukizuna dela gogorarazi nahi dute.

Proiektuak atal ezberdinak ditu. Alde batetik, herritarrei informazioa objektiboa eta osoa emateko konpromisoa hartu dute ordezkariek eta, bestetik, kudeaketa arloan egiten diren urrats guztiak jakinaraziko dira. Aldi berean, Udaleko sail guztiek hondakinen arloan egiten duten lana bateratuko dute.

Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak eta Axier Jaka Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak atzo adierazi zutenez, hondakinen politikak hiru zutabe ditu: prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena.

Hain zuzen, lehenengo arloan abiatuko da kanpaina, gaurtik aurrera. Auzo-konposta egiteko hautatu ziren bost lekuetatik -Añorga, Aiete, Igeldo, Antigua eta Zubieta-, Añorga Txikikoan jarriko da martxan konpost gunea, eta datozen hilabeteetan, beste lau auzoetan jarriko dira martxan. Bi urteko epean, Donostia osora zabalduko da. Jakaren aburuz, konposta oso eraginkorra izan daiteke kudeaketari dagokionez, hiriburuan sortzen diren hondakinen %40 bio-hondakinak direla kontuan hartuz.

Hasierarako hautatutako bost auzoetako bakoitzean, hamasei familiari eman zaie aukera auzo-konpostan izena emateko, eta, guztira, 81ek egin dute. Zubietaren kasuan, konposta egiteko gailua bikoitza denez, guztira 96 familiak dute aukera parte hartzeko. Donostiako Udalak egindako kalkuluen arabera, familia kopuru horrekin, urtean gutxienez 17,5 tona bio-hondakin konpostatuko dira.

Jakak eta Galparsorok azaldutakoaren arabera, Udalaren azken helburua Zero Zabor filosofia gauzatzea da, eta horre- tarako, filosofia aldaketa bat proposatu dute Udal Gobernutik: ez pentsatzea hondakinak zaborra soilik direla, baizik eta balioa izan dezaketen elementuak edo lehengaiak direla. «Hondakinak ezabatu edo ezkutatu beharreko arazotzat hartu beharrean, aukeratzat ere hartu behar dira; etekina ateratzeko potentziala daukan aukeratzat».

KONPOST FESTA

Auzo-konposta martxan jartzeko, Añorga Txikiko konpost gunean, auzo-konpostaren inguruko festa egingo da gaur, 12.30etik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo