Etxebizitzen prezioak behera egin du Ipar Euskal Herrian, merkatua dinamikoa bada ere
Urtebetez beherakada sumatu dute etxebizitza agentziek, baina merkatuak dinamikoa izaten jarraitzen du. Lapurdiko kostaldea arlo honetan erakargarria da, Estatu frantseseko egoera larriarekin alderatuta.
Ainize BUTRON | BAIONA
FNAIM Higiezinen Agentzien Federazioak urteko biltzar nagusia egin zuen atzo, eta horren karietara, ohi den bezala, Baiona eta Maule arteko etxebizitzen prezioen bilakaeraren berri eman zuten.
2011. urtearekin alderatuta, prezioak %10 jaitsi direla jakinarazi zuten FNAIMeko ordezkariek, eskualdez eskualde datu zehatzak emanez. Vincent Poulouk Donibane Lohizunen gertatu denaren berri eman zuen, eta, Lapurdi kostaldeko herri horretan, krisia hasi zenetik, prezioak mantendu baziren ere, iaztik %5 eta 10 arteko beherakada jasan zutela jakinarazi zuen. «Prezioek hamar puntu egin dute behera, eta salmenta epea ere luzatu da», esan zuen.
Halere, Donibane Lohizungo merkatuak duen berezitasuna azaldu zuen, bi sektore daudela argituz: merkatu arrunta eta nagusiki zentroan eta itsas bazterrean kokatzen den bigarren etxebizitzen merkatua. «Krisiak ez du eraginik izan bigarren sektore horretan. Erosleak kanpotik datoz eta ez dute mailegurik hartzen. Oso merkatu berezia da, baina salmentak oso arraroak izaten dira», esan zuen.
Salneurri apalenak metro koadroko 2.200 euroan kokatzen dira; garestienak, berriz, 4.500-5.000 euroan dira. Prezioak jaitsi badira ere, higiezin agentzien ordezkarien esanetan, Lapurdik erakargarri izaten jarraitzen du eta, horrenbestez, prezioen apaltzea ez da horren handia izan.
«Estatu frantsesean %20ko apaltzea izan da, beraz, nolabait euskal kostaldean nahiko ongi gaudela esan daiteke. Segurtasuna, klima edota etxebizitzen edertasuna dira erosleak erakartzen dituen faktoreak», gaineratu zuen Poulouk. Ildo bereko hausnarketa egin zuten Baiona, Angelu eta Biarritzen diharduten agentzietako ordezkariek. «Euskal kostaldeko merkatua dinamikoa da. Migrazio fluxua nahiko handia da. Urtero, 4.500 bizilagun gehiago biltzen ditu kostaldeak fluxu horri esker», argitu zuten. Horiek horrela, Baionan eta Angelun metro karratua 2.500 euro eta 3.500 euro artean kokatzen da. Halere, azken urteotan etxebizitza berri asko eraiki direnez, eraikin zaharrak prezio merkeagoan aurki daitezke, hala nola, metro koadroa 700 edo 800 eurotan. Biarritzen, berriz, 4.500 eta 6.000 euro artean da.
Mauletik Garaziraino
Aurreko urteotako joerari jarraituz, Maule eta Garazi arteko lurraldeetan prezioek behera egin dute, baina salmentetan dinamika bada. «Salmenten beherakada handia izan zen duela bi urte, baina gaur egun mantentzen dira. Saltzaileek, saldu nahi izanez gero, prezioak jaitsi behar dituztela ulertu dute», nabarmendu zuen Beñat Etxebest Mauleko FNAIMeko ordezkariak. Mauleri dagokionez, metro karratua 800 euroan saltzen da; Donapaleun, berriz, 1.200 euroan; eta, azkenik, Garazin 1.600 eta 1.800 euro artean.
Salmentak egiten badira, etxebizitza berri gutxi eraikitzen da eremu horietan. «Pisuak nahi dituzten erosle gazteak agertzen ari dira, eta horiek ez dituzte 160 metro karratuko baserriak erosi nahi. Hamar edo hamabost urte barru, mota horretako etxebizitzak ekoizten ez badira, arazoak izanen dira», azpimarratu zuen.
Etxebizitza berriei esker pisuen eskaintza asko emendatu da Lapurdiko kostaldean, metro karratuaren prezioa 10 eurotan kokatuz. Epe laburrean, fenomeno berria piztu da; hots, jende gehiagorekin batera alokatzea.