Aizkora Urrezko lehiaketa
Iraeta izango da finalerako bidean abiapuntua
Joseba Otaegik eta Unai Otañok Aitzol Atutxaren eta Ugaitz Mugertzaren aurka jokatuko dute bihar 17.00etan. Aurten, ordea, finalerdiek bi saio izango dituzte, eta finalean izateko bi irabazi beharko dira.
Jon LEUNDA
Urrezko Aizkorako lehen finalerdia jokatuko da bihar Iraetako pilotalekuan, 17.00etan hasita. Bertan, Otaegi eta Otaño, egungo txapeldunak, Mugertza II.aren eta Atutxa II.aren aurka neurtuko dira.
Aurtengo finalerdiak ezberdinak izango dira, bi saio jokatu beharko dira, eta finalerako bi ekinaldi irabazi beharko dira, bestela bietako denborak hartu beharko baitira kontuan.
Biharko saioa oso erakargarria agertzen da eta ikusmin handia piztu du. Otaegi eta Otaño dira egungo txapeldunak, eta, askoren iritziz, baita aurtengo txapela irabazteko faborito nagusiak ere. Orain arte jokatutako saio guztiak irabazi egin dituzte. Atutxak eta Mugertzak, berriz, orain arte jokatutako bi saioetatik bat irabazi eta beste bat galdu egin dituzte.
Proba guztietan ongi moldatzen diren aizkolariak dira, eta, askotan gertatu den bezalaxe, azkeneko proba baino lehen dena erabakitzea oso zaila izango da. Hala, txanda libreko ekinaldian erabaki daiteke lehen puntua. Lau aizkolariak maila ona ematen ari dira orain arte, eta bihar ere nork berea ongi ematen baldin badu, saioa oso polita aterako da. Txapeldunak, gainera oso indartsu agertu dira azkeneko proban, eta horrek biharko saioa irabazteko faborito egiten ditu. Atutxak eta Mugertzak osatzen dute Urrezko Aizkorako bikoterik gazteena.
Biharko ekinaldian, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izango da egin beharreko lehen proba. Ondoren, erlojuz kontra bi 45 ontzako erdibitu beharko dituzte, aizkolari bakoitzak bat. Hirugarren lanean, kana-erdiko bat zutik jarrita ebaki beharko dute. Laugarrengoan, bi kana-erdiko ebaki beharko dituzte aizkolariek. Bosgarrengoan, berriz, 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita ebaki beharko dituzte. Azkenik, berriz, txanda librean bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki beharko dituzte.
Irazuren alde
Jon Irazuk eta Xabier Zalduak jokatuko dute bihar aizkora apustua Tolosako zezen-plazan, 12.00etan hasita. Bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau 60 ontzako ebaki beharko ditu. Enbor txikiak Zalduak plazaratuko ditu, eta handiak, berriz, Irazuk. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatuko ditu; beraz, irabazleak 12.000 jasoko ditu.
Apustuei dagokienez, berriz, badirudi orain arte dirua Jon Irazuren alde dagoela. Hori da, behintzat, apustu makinek diotena, eta badirudi igandean plazan ere dirua zizurkildarraren alde aterako dela.
Eskarmentu aldetik, Zalduak urte gehiago daramatza aizkoran, eta apustua, berriz, bosgarrena izango du. Lehenengoa Erasunen aurka jokatu zuen Azpeitiko zezen-plazan. Bigarrena Kastrorekin jokatu zuen, eta hirugarrena, berriz, Otaegirekin. Hiru apustuok irabazi egin zituen. Erasunen eta Otaegiren aurkakoak, aizkoran eta korrika aritzekoak izan ziren. Azkenekoa Olasagastiren aurka jokatu zuen, eta hori da orain arte Zumarragakoak galdutako bakarra.
Irazurentzat, berriz, lehen aldia izango da, orain arte ez baitu inoiz apusturik jokatu. Aizkora munduan, ordea, sekulako abiadan dator. Laugarren denboraldia du aurten, baina lortutako emaitzak ikaragarriak izan dira. Lehen urtean ez zuen lortu Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatzeko txartela. Bigarrengoan, ordea, Bigarren Mailara igo zen. Hirugarrengoan, joan den urtean, alegia, Bigarren Mailako txapela lortu zuen, eta aurten Lehen Mailan arituko da zizurkildarra.
Otaegi eta Otaño dira egungo txapeldunak, baita aurtengo txapela lortzeko faboritoak ere. Beraz, biharko norgehiagokan zaleek beraien aldeko joera dute, nahiz eta bi gazteak ere oso maila ona ematen ari diren.
Sei lan egin beharko ditu bikote bakoitzak, eta gero guztietako denborak batu, eta onenak dituztenek irabaziko dute proba. Gauzak asko aldatzen ez baldin badira, iraupen proban erabaki daiteke.